Tokikoa eta ekologikoa erosteko aukera, larunbatean Errenterian
Gamon zumardian, 10:00etan hasiko den Biolur-ek antolatutako azoka ekologikoan, hogei parte-hartzaile baino gehiago izango dira.
Errenteria-Oreretako Gamon Zumardia tokiko produktu eta elikagai ekologikoz beteko da hilaren 9an, larunbatean, 10:00etan. Topagunean, barazkiak, ardi eta behi gazta, gozoak, ogia, eztia, marmeladak, olioa, arraultzak eta beste produktu batzuk erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Plazan hogei parte-hartzaile inguru elkartuko dira, eta antolatzaileek esan dute gehienak Gipuzkoako ekoizleak direla, nahiz eta Bizkaiatik, Nafarroatik, Euskal Herriko Iparraldetik eta Errioxatik ere gerturatuko diren batzuk.
Bertako elikagai ekologikoz betetako saskia osatzeko aukeraz gain, Biolur-en informazio puntuan nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio panelak izango dira. Gainera, Ane Otegirekin, ekimen bat egingo dute kontsumo herrikoiaren bidez ekoizpen duina aldarrikatzeko.
Udako azoka ekologikoak ekimena herrira iritsiko da Biolur Elkarteak antolatuta, Errenteriako Udala, Behemendi eskualdeko landa garapena eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren lankidetzarekin.
Udako Azoka ekologikoak
Antolatzaileen hitzetan, elikagai ekologikoen azokak erakusleiho aparta dira Euskal Herrian dagoen elikagai ekologikoen aniztasuna plazaratzeko. Horregatik, urtero herri ezberdinetara zabaltzen dute azoka. Aurten, Zigoitian, Zarautzen, Zumaian eta Donostian izan dira, eta Errenteria-Oreretan egon ondoren, Algorta, Zerain, Mungia, Aretxabaleta, Eibar, Gasteiz, Durango, Leintz-Gatzaga eta Villabonara ere zabalduko dute.