Berdintasunean eta askatasunez gozatzeko 59 ekitaldi santakrutzetan
Asteazkenean hasiko dira 2023ko Santakrutz Jaiak. Jai batzordearen bitartez inor bazter ez uzteko adinako egitaraua osatu dute.
Atzo arratsaldean aurkeztu zituen Lezoko Udalak, jai batzordeko hainbat kiderekin, 2023ko Santakrutz Jaiak. Hilaren 13ko 19:00etako pregoi eta txupinazoarekin hasiko dira festak, eta 17ko 22:00etan itzaliko dira, zezen suzkoarekin. Bitarte horretan, osotara, udalak eta herriko eragileek adostu eta landutako 59 ekitaldi egingo dituzte, nahiz eta aurretik ere badiren jarduerak, Piztu Lezorenak edo Josetxo Etxandi pilota oroitaldikoak kasu. Jaiak berdintasunean eta askatasunez ospatzeko desioa azaldu zuen udalak atzo. Egitaraua etxez etxe banatuko dute datozen egunetan. Udalaren webgunean eta aplikazioan ere kontsulta daiteke.
Aurkezpen agerraldian Mikel Arruti alkatea, Jon Legorburu Kultura zinegotzia, Eneritz Arruti Feminismo zinegotzia, EAJko zinegotzi Laura Martinez eta Alaitz de la Maza, eta jai batzordeko kide Lurdes Isasi (Gaxuxa) eta Olatz Errasti (Haurtxo Haur Eskola) izan ziren. “Lezoko herrigintzaren erakusleiho garrantzitsua da iraila, herriko eragileek antolatutako jarduera ugari eta askotarikoak garatzen baitira. Lezoarrok badugu kalean, elkarrekin, jai giroan izateko aukera ugari”, adierazi zuen Arruti alkateak. Agintariak nabarmendu zuen santakrutzez gain, udak eta udazkenak bat egiten duten hilabetean badirela beste hainbat jarduera herrian: “Horiek, festa giroa eta alaitasuna zabaltzeaz gain, baliagarriak dira gure herri izaera eraikitzeko eta sendotzeko, bai eta lezoarrok elkar topatzeko, elkarren berri izateko, eta herritarron arteko kohesioan sakontzeko”. Horiek guztiak antolatu dituzten herritarrei eta elkarteei aitortza mezua helarazi zien alkateak, “gure esker ona adierazi nahi diegu”.
Jon Legorburu Kultura zinegotziak egitarauaren traza nagusiak azaldu zituen. Horien artean nabarmendu zituen Santakrutz Egunaren bezperako elkarteen danborrada (Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteenak), kirol jarduerak (herri kirolak eta Josetxo Etxandi oroitaldia), hilaren 14ko bertsolarien saioa nahiz ganadu feriari lotutako ekitaldiak, hilaren 16ko su artifizialak, edo musikarekin lotutakoak (behean ikus daiteke egitaraua, egunez egun edo oso-osorik). Eta Santakrutz Eguneko i-14ko bazkaria goretsi zuen aldi berean.
Erasoen kontrako protokoloa
Eneritz Arruti Feminismo zinegotziak, bere aldetik, jakinarazi zuen santakrutzei begira eraso matxistei aurre egiteko protokoloa landu dutela herriko talde feministekin elkarlanean. “Jaiak askatasunez bizitzeko eta gozatzeko aukera izan behar dugu guztiok. Onartezina da eraso matxistengatik emakumeek jaiak aske ezin bizi ahal izatea. Emakumeok seguru eta eroso sentitzeko eskubidea dugu, eta guztien ardura da hala sentiarazten ez gaituzten jarrerei aurre egitea”. Bide horretan, azken egunetan autodefentsa feminista lantzeko bi saio egin dituzte Bekoerrota kiroldegian, bat 18 urtetik gorakoentzat, bestea 12-17 adin tartekoentzat: 28 emakumek parte hartu dute.
Protokoloak hiru ardatz nagusi ditu:
- Hilaren 14an, Emagin elkartearen eskutik, Puntu Morea jarriko dute Pikukalen 18:00etatik 21:00etara, indarkeria matxisten kontrako prebentzioa eta sentsibilizazioa helburu.
- Hilaren 15 eta 16an, 00:00etatik 06:00etara, indarkeria matxista kasuren bat izango balitz arreta eta salaketa telefonoa martxan izanen da: 688 69 62 04. Emagineko adituen laguntzaz, jaietan gertatzen den edozein eraso matxista identifikatzea, horren aurrean erasoa jasan duen pertsona beste zerbitzu batzuetara bideratu ahal izatea, eta, egoerak hala eskatzen badu, erantzun soziala aktibatzeko kudeaketa bideratzea lortu nahi da. Zerbitzu hau udaleko Feminismo saileko zinegotziekin eta arduradunarekin, eta herriko eragile feministekin koordinatuko da.
- Erasoren bat gertatuko balitz, biktimari ahalik eta toki atsegin eta babestuena eskaintzeko, eremu bat atonduko du.
Jarraian, egitaraua egunez egun (beherago oso-osorik):
- Hilak 13, asteazkena.
- Hilak 14, Santakrutz Eguna.
- Hilak 15, ostirala.
- Hilarek 16, larunbata.
- Hilak 17, igandea.
Hilak 13, osteguna
- 19:00. Alkate txikien pregoia eta txupinazoa Guruzte Santuaren plazan. Ondoren Musika Eskolako bandak eta Munttar txistulari taldeak Lezoko herria ereserkia joko dute. Horren osteam, erraldoi eta buruhandien kalejira.
- 19:30ean. Santo Kristo elizan, Gurutze Santuaren bezperak.
- 22:45. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako danborraden irteera.
- 23:45. Danborraden topaketa Gurutze Santuaren plazan.
Hilak 14, Santakrutz Eguna
- 10:00. Diana Munttar Txistulari Taldearekin.
- 10:00-13:00. Gurpilen gaineko zirkuitua haurrentzat Saldise plazan.
- 11:00. Meza Nagusia Santo Kristo elizan.
- 12:00. Herri kirolak Gurutze Santuaren plazan. Aizkolariak: Iker Vicente, Eneko Saralegi, Julen Alberdi eta Ugaitz Mugerza. Harri jasotzailea: Mikel Mugerza.
- 12:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 12:30. ‘i-14’ eguneko tokatea Kale Nagusian, Txirbilla Sound Systemekin.
- 14:00. Erretiratuen bazkaria Etxeberri jatetxean.
- 14:30. ‘i-14’ egunaren txupinazoa Gurutze Santuaren plazan.
- 15:00. Arrantzaleen eta Tartekoen bazkaria Herri Eskolako jolastokian.
- 17:00. Haurrentzako puzgarriak Goiko plazan.
- 17:30. Josetxo Etxandi XLVII. Oroitaldiko federatuen finalak Koldobide Gezala pilotalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 18:30. Herri Eskolako jolastokitik hasita, Jaixkipe txarangarekin kalejira.
- 20:30- Karlos Saldise plazan, DJ Bull.
- 22:00. Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan.
Hilak 15, ostirala
- 09:30. Ganadu feria Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 12:00. Idi dema probalekuan.
- 13:30. Ganadu feriaren sari banaketa probalekuan.
- 14:00. Baserritarren bazkariak bertsolariekin. Ixkulin elkartean, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Tiñelu elkartean Onintza Enbeita eta Oihana Bartra.
- 17:00. Herritarrez osatutako futbolina Goiko plazan.
- 17:00. Feriako jolasak Gurutze Santuaren plazan.
- 18:00. Idi dema probalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 20:00. Paella txapelketa Jauregialde plazan.
- 20:00. Bertso saioa Gurutze Santuaren plazan. Bertsolariak: Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
- 23:00. Karlos Saldise plazan, kontzertuak: Nogen, XSakara eta DJ Txillardegi.
Hilak 16, larunbata
- 09:00. Plater tiraketa Arkaleko eremuan Lezoko herritarrentzat.
- 09:00. Motozaleen irteera Itzel kafetegitik.
- 10:00. Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 11:00. Marmitako Txapelketaren hasiera Karlos Saldise plazan.
- 11:00. Realaren puzgarriak Lopene plazan.
- 12:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 12:00. XII. Muxiko Eguna Jaiki Hadi taldearekin, Gurutze Santuaren plazan.
- 14:00. Motorzaleen topaketa Lezotarra tabernan.
- 14:30. Marmitako Txapelketako herri bazakria Karlos Saldise plazan.
- 16:00. Realaren puzgarriak Lopene plazan.
- 16:30. Ginkana herrian zehar (Lopene plaza, Karlos Saldise plaza, Gurutze Santuaren plaza eta Jauregialde).
- 16:30 Truk Txapelketa Tiñelun.
- 17:00. Josetxo Etxandi XLVII. Oroitaldiko herri mailako txapelketaren finalak, Josexo Etxandi pilotalekuan.
- 18:00. Dantza Solte Txapelketa Gurutze Santuaren plazan.
- 19:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa Lope Isasti plazan.
- 19:00. Elektrotxorongo elektrotxarangaren irteera Karlos Saldisetik.
- 20:30. Herri afaria Lope Isasti plazan, norberak eramandakoarekin (sagardoa udalak jarriko du).
- 22:30. Su artifizialak kaitik.
- 23:00. Kontzertuak Karlos Saldise plazan: Astelehen Goizak, Bengo eta Txiltxoko.
- 00:00. DJ IKer Gurutze Santuaren plazan.
Hilak 17, igandea
- 10:00. Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 12:00. Inude eta artzainen desfilea Lopenetik.
- 17:00. ‘Lezoko hondartza’ haur jolasak Karlos Saldise plazan.
- 17:00. Ur puzgarriak Lopene plazan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak.
- 19:00. Kilometro Lezo kultur egitasmoaren azken emanaldiak, Goiko plazan. Dantza emanaldiak dira. DABen Nun zira? eta Ertza konpainiaren Otempodiz obrak ikus daitezke.
- 22:00 Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan.