Uda itsasoarekin lotuta amaitzeko aukera Mater ontzian
Udari amaiera ederra emateko asmoz, itsasoarekin lotutako hiru jarduera eskaini ditu Mater Museoak datorren astebururako.
Mater museoak itsasoarekin lotutako uda amaiera eskainiko du asteburuan, hala “itsasoaz gozatzen eta zaintzen” jarraitzeko asmoz. Gaur goizean, arrain lonjara bisita gidatua egin dute, arrantzaleek arraina lonjara eramaten dutenetik arraintegietara iritsi arteko bidea ezagutzeko asmoz. Datozen egunetan ordea, beste saio batzuk prestatu dituzte: Ilunabarra itsasotik ikusteko aukera, zetazeoen begiztatzea eta Kontxako estropada ikustera joatea.
Bihar, ostirala, ilunabarra ikusteko itsasoratuko dira. 19.45ean irtengo dira, eta itsasargiek gidatuta eguzkia ortzimugan desagertzen ikusteko aukera izango dute. Itsasoko kondairen artean egingo dute bidea, eta ordu eta erdiko esperientzia hau bizi nahi izanez gero hamabost euro ordaindu beharko dituzte 12 urte baino gutxiago dituztenek, eta gainontzekoek 30 euro.
Larunbatean, 9an, egun osoko plana prestatu du Materrek: Zetazeoak behatzeko eguna. 8:00etan irtengo da ontzia portutik eta 16:00ak arteko egun pasa egingo dute Kantauriko biodibertsitatea ezagutzeko eta naturaz gozatzeko. Bertan parte hartu nahi izanez gero, prezioa 150 eurokoa da.
Azkenik, igandean Kontxako estropada Mater ontzitik ikusteko aukera izango du nahi duenak. 50 euroren truke, emakumeen eta gizonezkoen estropadak arrantza ontzi klasiko batetik ikusi ahal izango dira. 10:00etan irtengo da ontzia portutik, eta 14:00ak aldera izango da itzulera.
Informazio gehiago nahi izanez gero, haien webgunean.