Azti, itsas zientzietako 750 profesionalen anfitrioi
Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak ozeanoen zaintzarako azken aurrerapenak aurkeztuko ditu Bilbon, eta Azti izango da anfitrioia.
Bilboko Euskalduna Jauregia itsas ikerketaren arloko aditu nagusien topagune bihurtuko da gaurtik hilaren 14ra, Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES, itsas zientzien gobernu arteko erakundea) bertan egingo baitu Urteko Konferentzia Zientifikoa.
Ozeanoen erabilera iraunkorraren aldeko azken aurrerapenak aurkeztea da topaketaren helburua, eta Azti zentro teknologiko pasaitarrak zeregin garrantzitsua izango du horretan. Zentroko kideak itsas zientzietako 750 profesional baino gehiagoren, ikerketa-institutuetako liderren eta Europako eta Ipar Amerikako herrialdeetako arduradun politikoen anfitrioiak izango dira.
Rogelio Pozo Aztiko kontseilari ordezkariak funtsezkotzat jo du konferentzia Euskal Herrian egitea “gero eta arreta handiagoa jartzen zaiolako gure ozeanoen garrantziari, ingurumen- eta ekonomia-erronkei aurre egiteko orduan”.
Foroak ozeanoarekin lotutako gaiei buruzko hitzaldi, lan-saio eta mahai-inguruen programa zabal batean jorratuko du, eta arreta berezia jarriko du haren iraunkortasunaren alde zientzia, datuak eta aholkularitza emateko egiten ari den lanean.