Maintzineko biribilgunea asfaltatu behar dutelako, trafikoan aldaketa garrantzitsuak
Gaurko (hilak 11, astelehena) 22:00etan hainbat bide itxiko dituzte, biharko 06:00ak arte. Bihar ere, ordutegi berberarekin, mozketak.
Bukatzear dira Maintzineko biribilgunea egiteko lanak. Besteak beste, asfaltatze lanak egitea falta da. Bada lan horiek datozen orduetan egingo dituztela jakinarazi du Lezoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak abisua pasata. Aldundia da lanen arduraduna. Hala, gaurko (astelehena, hilak 11) 22:00etatik biharko 06:00ak arte, eta biharko (hilak 12, asteartea) 22:00etatik asteazkeneko 06:00ak arte, aldaketa garrantzitsuak izango dira trafikoan. Adi egon daitezela ibilgailuen gidariak honako aldaketekin:
- Maintzinetik Gaintxurizketa aldera joateko errepidea, bi noranzkoetan, etenda izango da lanengatik (gorriz markatuta dago goiko planoan.
- Altamirako biribilgunetik Maintzinera arteko errepidea, Donibanerako norantzan doana bakarrik, itxita egongo da (gorriz markatua dago planoan). Donibanetik Errenteriaranzko bidea, Maintzinetik Altamirara, zabalik izango da (txuriz dago markatua planoan).
- Altamiratik Donibanera joateko, Lezo barrutik pasa beharko dute ibilgailuek, zehazki Polentzarrene kaletik, Lezoko liburutegiaren parean Donibanera doan errepidearekin bat egin arte (planoan urdinez).
- Moztuko diren tarte horietan jatorria eta helmuga duten ibilgailuei pasatzen utziko diete (adibidez, bertan bizi direnei edo garajea dutenei).