Bi urre pasaitarrentzat, Itsas Kayakeko Espainiako Txapelketan
40tik gora talderen artean zortzigarren sailkatu dira urdinak, taldeko palista guztien artean erdietsitako medailei esker.
Dominaz lepo itzuli da etxera, berriro ere, Pasaia Kayak taldea. Joan den asteburuan Itsas Kayakeko Espainiako Txapelketan egindako lanarekin asebete agertu dira prestatzaileak: “Iragarpenik baikorrenak ere ia oso-osorik bete ditugu”. Sei dominarekin bueltatu dira; bina metal bakoitzeko, kadete, gazte eta master kategorietan.
Egindako lanetik nabarmendu dute Lander Rodriguez pasaitarrak master kategorian bere adin-tartean lortutako garaipena. 20 kilometroko ibilbide luzean bera izan zen adin tarte guztietako palisten artean azkarrena, eta lehenengo urrezko domina zion talde pasaitarrari. Podiuma Tarragona Nautic taldeko eta Tenerifeko Argonautas taldeko ordezkariekin osatu zuen, hurrenez hurren.
Baina ez zen hori izan urre bakarra. Talde pasaitarrarekin diharduen Roland Lebeau okzitaniarrak ere bere maisutasuna erakutsi zuen ur berberetan, eta bigarren titulua lortu zuen bere talderentzat bere adin-tartean, nagusitasun handiz berak ere, 3 minutu eta 40 segundoko aldea atera baitzion Sanlucar de Barramedako (Cadiz, Espainia) Eslora taldeko ordezkariari.
Bakarkako lanean lortutako hirugarren domina Ioar Alonso pasaitarrak erdietsi zuen Kadete A kategorian, 8 kilometroko proban. Brontzea bereganatu zuen, Lanzaroteko (Kanaria uharteak, Espainia) Piraguismo Marlines taldeko ordezkaria podiumerako lehian 19 segundoko tartearekin garaitu ondoren, gogor saiatuta.
Eta gogor saiatuta lortu zituzten pasaitarrek, halaber, beste hiru domina K-2ko probetan, horiek ere 8 kilometroko ibilbidean. Aipatzekoa Maialen Vitoriak eta Iker Lizasok osatutako bikoteak Junior mistoan lortutako zilarrezkoa, amaierara arte titulua lortzeko lehian, 8 segundo eskasera izan baitzuten urrea, Club Nautico taldeko bikotearekin borrokan.
Master kategorian ere beste zilarrezko domina bat lortu zuten pasaitarrek Anartz Alonsok eta Roland Lebeauk osatutako bikoteak egindako lan aipagarriari esker, Piraguismo Granadako faboritoei begirik kendu gabe. Vegak eta Yarzak osatutakoak ere brontzezkoa lortu zuen, pasaitarren azken domina eskuratuz.
Master kategorian lortutako emaitzei esker, zortzigarren izan zen, azkenean, Pasaia Kayak kategoria horretako taldekako sailkapenean. Espainia osoko 40tik gora klub zeuden inskribatuta, eta beraz, harro baino harroago bueltatu dira urdinak.