Hibaika: "Kanporaketara joango gara, eta dena emango dugu"
Hibaikak play offera joan beharko du asteburuan. Erabakia irmoa da TKE Lehiaketako Arbitro Bakarrak berretsi ostean epaileak emandako ebazpena.
Hibaikak play offera joan beharko du asteburuan. Erabakia irmoa da TKE Lehiaketako Arbitro Bakarrak berretsi ostean epaileak emandako ebazpena. HITZAK Errenteria-Oreretako arraun elkartearekin hitz egin du balorazio bat eskatzeko.
“Kanporaketara joango gara, eta dena emango dugu. Irabazten saiatuko gara”. Argi esan du Hibaikak, “ez genuen pentsatzen joan behar genuenik, araudian ez du jartzen seigarrenak joan behar duenik, eta horregatik aurkeztu genuen arbitraje aurrean helegitea. Arbitrajeak esan duena izan da egia dela, ez duela jartzen, araudian hutsunea dagoela, eta egoera horretan interpretazio bat egin behar dela. Araudiari jarraituz egin zitekeen interpretazio bat epaileak egin duena da, eta arbitrajeak esan digu onartu behar duela ebazpen hori”.
Horrenbestez, “araudi hori” errebisatu beharra lehen lerroan jarri du arraun elkarteak, “kasu guztiak ez dituelako kontuan hartzen”.
Beraiek bizi izan duten egoera gizonen ligan gerta daitekeela uste duen galdetuta, TKEren inguruko ezagutza handirik ez duela aitortu du klubak, eta ezin duela beraz baloraziorik egin: “Hibaika ez da TKE lehiaketako bazkide, horretarako gonbidapena jaso behar izaten dute klubek, eta emakumeen traineruak ez gara bazkide”.
Gauzak horrela, beste aukerarik ez du Hibaikak mailari eutsiko badio, eta asteburuan Bizkaian izango da, larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten . Kaiku eta Zumaia izango dira lehia horretan, eta hiru traineruentzat, txartel bakarra da jokoan.
Emakumeen arraunaren gorenean aritzeak ikusgarritasun handia suposatzen dio klubari, hala aitortu du, “arraun taldeari zein arraunean ari diren emakumeei ematen die ikusgarritasuna. Kirol arloan, topea da eta ez bazaude tope horretan askoz ere apalagoa da ikusgarritasuna. Horrek eragina du, ezinbestean, babesleak lortzeko garaian. Garrantzitsuena, halere, Kantauri itsasoan dagoen gorenera heldu garela da. Klubarentzat, eta arraunean ari diren emakumeentzat asko suposatzen du”.
Estropadara “onena ematera” doazela Iñaki Mendizabalek entrenatzen dituen emakumeak esan du Hibaikak: “Egoerak ez du lagundu, baina topera daude eta irabaztera doaz Bizkaira”.
Marea Beltzari deia
Asteburukoa hitzordu “garrantzitsua” da oso Hibaikako emakumeentzat, eta horren harira, orain arte bezala, zaleei deia egin die Errenteria-Oreretako arraun elkarteak bi egunetan animatzera joan daitezen, “ahalik eta gehien izan behar dugu emakumeak animatzen, asko dugulako jokoan”.
Autobusa antolatu dute horretarako bi egunetan, eta izena emateko azken eguna bihar izango da, 21:00etan. Autobusean izena emateko egin klik hemen.