Marokorako diru eta arropa bilketa herritar talde batek antolatu du
Meskitak ez du iniziatiba hori antolatu, baina lokala utzi die herritar horiei arropa eta diru bilketa egin ahal izateko.
Marokon izandako lurrikararen harira, kaltetuei laguntzeko arropa eta diru bilketa antolatu dutela jakinarazi zuen HITZAk asteartean. Bilketa hori bihar egingo dute 18:00etatik 21:00etara Sounna meskitan (Oiartzun kalea, 12).
Elkartasun bilketa dela eta, zehaztapenak egin ditu gaur meskita horretako presidente Fartd Benjahjah-k, argitzeko ez dela Sounna meskita ezta bertako inor ere bilketa hori antolatu duena, herritar talde bat baizik: “Bilketa egiteko egoitza utzi diegu, baina bilketa antolatu duten pertsonak ez dira meskitakoak. Ez dugu beraz gure gain hartzen biltzen den arropa eta diruaren gaineko erantzukizunik”.
Elkartasun bilketaren ordutegia eta lekua mantendu dute iniziatiba sustatu duten herritarrek, eta Marokon laguntza behar beharrezkoa dutela nabarmen jarrita, herritar guztiak animatu dituzte arropa eta diru bilketan parte hartzera. Arropa kutxetan eraman behar dela kontuan hartzeko gogorarazi dute, “arropa kaxa itxietan eraman behar da. Lau eratako kaxak egin behar dira: nesken arroparena, mutilen arroparena, emakumeen arroparena, eta gizonen arroparena. Kaxa bakoitzak arropa norentzat den izan behar du markatuta”.
Diru bilketan jasotakoa elikagaiak erosteko erabiliko dute, Marokon bertan. Diruaren zati bat, gainera, garraio gastuetarako bideratuko da.