Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa, Donibane eta Trintxerpen
26 film labur eta 4 dokumental emango dituzte Juanba Berasategin. Bi barrutietako liburutegietan, argazki erakusketak.
CIMASUB Itsas hondoarekiko ezagutza eta errespetua hedatzea helburu duen Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak geldialdia egingo du Pasaian egunotan. Zehazki, Real Sociedad Urpekoek 1975ean sorturiko zikloa Donibaneko Juanba Berasategin eta Ubera liburutegian izango da hilaren 21etik urriaren 5era, eta Trintxerpeko liburutegian urriaren 9tik 20ra.
Zinema eta argazkigintza uztartuz, inguruko ozeanoek ezkutatzen duten edertasun eta biodibertsitatea islatzen saiatuko dira artistak. Halaber, klima aldaketaren, itsas kutsaduraren eta gizakiaren ekintzen ondorioz eragindako egoera larrien berri ere emango dute euskarri horietan.
Proiekzioak eta erakusketak
Proiekzioak Juanba Berasategi aretoan izango dira, 19:00etan, honako egunetan: hilaren 21ean eta 28an eta urriaren 5ean. Sarrera doakoa da, eta orotara 26 film labur eta 4 dokumental ikusteko aukera izango dute hala nahi dutenek.
Argazkiei dagokienez, aurten aurkeztutako argazki onenak astelehenetik ostiralera izango dira ikusgai. Hilaren 21etik urriaren 5era Donibaneko Ubera liburutegian, eta urriaren 9tik 20ra Trintxerpeko liburutegian. Ordutegia, 10:00etatik 12:45etara eta 16:30etik 19:45era.
Itsaspeko Txikizikloa ikastetxeentzat
Txikienak itsasoen mundura gerturatu eta horiekiko zaintza eta errespetua helarazteko helburuz jaio zen Txikizikloa orain dela hamar urte. Pixkanaka gero eta ikastetxe gehiagotara zabalduz joan da saiakera, aurreko edizioan 2.000 ikasleren partaidetza lortu zuelarik.
Zikloak Juanba Berasategin ere hartuko du lur, urriaren 3an, asteartea, goizeko 10:00etan. Saioa Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 10 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta prestatu dute. Parte hartzen duten ikastetxeei aurretik gelan lantzeko material didaktikoa emango zaie, ikus-entzunezko material osagarriarekin eta jarduera eta orientazio metodologikoekin batera.