Lehenengoa bale
Hibaikako emakumeek kanporaketako lehen jardunaldiko estropada irabazi dute. Bermeokoa gaindituta, bihar bide beretik jo beharko dute hiru ontzirentzat dagoen txartel bakarra lortzeko.
Asko zuten jokoan gaur Hibaikako emakumeek. Euskotren Ligan jarraitzeko ezinbestean irabazi behar dute play-offa. Bizkaiko uretan, Bermeon jokatu da lehen jardunaldia eta lehenengoan bale egin du Iñaki Mendizabalek entrenatzen duen eskifaiak. Kaiku eta Zumaiarekin ari da lehian Euskotren Ligarako dagoen txartel bakarra poltsikoratzeko, garrantzia berebizikoa dute beraz gaurko eta biharko estropadek.
Lehen egunekoa gaindituta, biharkoari begira orain. Kanporaketaren bigarren jardunaldia ere Bizkaian, Portugaleten. Gaur itsasoan, eta bihar ibaian.
Iñaki Mendizabal entrenatzailearekin hitz egin du HITZAk. Pozik azaldu da Mendizabal gaurko estropada irabazita: “Ez da erraza izan aurreko luzean erreferentziak atzetik eman dizkigute GPSa ere antolakuntzarena ez da fin ibili, arazoak izan dira. Ziabogan segundo batean sartu dira hirurak, azkenean, beraz, estropada gogorra izan da bai mentalki baita fisikoki ere. Bigarren luzean pixkanaka alde txikiak ateratzen joan gara eta azkenean bi eta hiru egundo atera dizkiogu Kaiku eta Zumaiari, hurrenez hurren. Ez da alde handia, baina irabazi dugu”.
Lanaren erdia eginda, gaurkoa aldekoa. Beste erdia falta dela eta “oinak lurrean” dituztela esan du Mendizabalek, “zerotik hasiko gara berriro bihar, azkenean bi eta hiru segundoko aldearekin edozein akats garesti ordaindu dezakegulako. Nahiz eta gaur irabazi eta puntu bat eta bi puntuko aldeko diferentzia izan beste bi traineruekin, izango da berriro zerotik hasi eta irabaztera ateratzea”.
Gaurko estropadaren ondotik arraunlariak ondo direla esan du entrenatzaileak, “oso animatuak eta kontent. Biharkoari begira, berdin, oso animatuta eta aurrera aterako duten sentsazio betearekin”. Berriro nabarmendu du Mendizabalek oinak lurrean aterako direla bihar uretara errenteriarrak, “gehiegi poztu gabe, tentsioa mantendu behar dugulako oraindik. Lan erdia egina dugu, baina beste erdia falta zaigu”.
- Hibaika 10:51.38
- Kaiku 10:53.34
- Zumaia 10:54.44