San Pedro Eusko Label Ligakoa da
Play-offaren bi jardunaldietan nagusitu da San Pedro eta merezimendu osoz lortu du Eusko Label Ligarako jokoan zeuden bi txarteletako bat.
Sanpedrotarrak gaurkoan ere garaipena, eta horrenbestez gizonen arraunaren gorenean ariko dira hurrengo denboraldian, Eusko Label Ligan. Oarsoaldean, beraz, bi ontzi ariko dira goiko mailan hurrengo denboraldian, Hibaikako emakumeak Euskotrenen eta Sanpedrotarra Eusko Label Ligan eta bi horiei, beste bi batu behar, lau ontzi ariko dira liga nagusietan, Hondarribiako emakumeak eta gizonak ere Euskotren eta Euskolabel ligatan ari direlako, hurrenez hurren.
Ustekabea eman zuen atzo San Pedrok, eta erlojupekoan azkarrena izan zen. Asier Carballedak zuzentzen duen taldeak estropada handia egin zuen play-offaren lehen jardunaldian. Atzoko marka hori berretsi dute gaur pasaitarrek, garaipena eskuratuta berriro. Atzo itsasoan egin zuten moduan, gaur ibaian nagusi zirela erakutsi dute.
Mikel Imaz arraunlariak egindako adierazpenetan “konfiantzarekin” uretaratu direla gaur esan du, “aukera handiak genituen eta azkenean lortu dugu. Baldintzak atzo eta gaur nahikoa lasaiak izan dira eta lortu dugu bilatzen ari garena, irabaztea. Oso pozik gaude”.
Sanpedrotarraren zale ugari izan dira bi egunetan bertatik bertara taldea animatzen. Izan ere, asko zuten jokoan moreek, eta soberan erakutsi dute merezi dutela gorenean aritzea. Klubak zaleen babes handi hori eskertu du sare sozialen bidez.
Estropada amaitu eta Eusko Labelen postua ziurtatua “ospatzea” dagokiela orain esan du Imazek.