[Elkarrizketa] "Eusko Labelen maila handia dago, baina ez goaz beldurrez"
Eusko Label Ligarako igoera nagusitasunez erdietsi du 'Libia'-k. Garaipenaren biharamunean, balorazioa egin du klub morearen presidenteak.
Asteburuan lehiatu dira Eusko Label Ligara igotzeko play-offak, eta bi estropadatik bi irabazi ditu San Pedrok. Igoera lortu berritan garaipenen balorazioa egin du Xabier Isasa Sanpedrotarra Arraun Elkarteko presidenteak. Ez da soilik asteburukoaz jardun, baita sasoi guztian zehar egindako lanaz ere, KAE 1 Ligako buru ere izan baitira aurten moreak.
Astebururo uretaratu den “talde politaz” gain, arraun egin ez baina Libiari bultza handia ematen dioten horiena ere bada garaipena. “Hemen denok irabazten dugu; eta galtzen dugunean ere, denok galtzen dugu”, mintzatu da.
Denboraldian gorabeherak ere izan dituzte, eta kirol arloan indarra bermatuta badute ere, Isasak aitortu du lana egin beharra dagoela arlo ekonomiko nahiz estrukturalean kluba erronka berrietara egokitzeko.
Igoeraren biharamunean, oraindik garaipen horren ajearekin, seguru aski. Nola sentitzen zara klubeko presidente gisa?
Oso pozik. Bai guregatik, baina, batez ere, herriarengatik eta arraunlariengatik. Azkenean, haiek dira hamar-hamaika hilabete eman dituztenak gogor entrenatzen, eta beraientzat da sari nagusia.
Klubarentzat ere, noski, oso polita da. Ez genuen helburu argi bat, baina, azkenean, denboraldiak aurrera egin ahala ikusi dugu hor egon garela, borroka horretan, eta azkenean saria jaso dugu.
Bitik bi. Larunbateko nagusitasunak utzi zizuen lasaiago uretaratzen igandean?
Tira, konfiantza gehiagorekin behintzat, bai. Lasaitasuna, tira… [barrez], hemen kontuan hartu behar da aldeak oso-oso txikiak direla. Puntuak daude jokoan, bai, baina segundo kontuak dira. Hortaz, eta ikusita oso borrokatua egon zela dena estropada guztian zehar, huts egiteko marjina hori ere oso handia zen.
Kirol honetan ehun mila aldagai daude, edozer gauza gerta daiteke momentu batetik bestera. Lasaitasun puntu bat bai hartu genuen. Azkenean, bi-hiru aste egoten zara entrenatzen, buruari bueltak ematen ea nola asmatu, nola egin… Baina Bermeoko estropada eta gero, egia esan, bagenuen segurtasun puntu bat atzokoa hobeto enfokatzeko.
Lasaitasuna baino gehiago konfiantza eman zigun, mentalki, batez ere, jakiteko gai ginela hor egoteko, eta jakiteko igandean lan ona eginez gero, atzo egin genuen moduan, bada, igotzeko aukerak genituela.
Denboraldi hasieran hedabide honetan egindako elkarrizketa batean zenioen zuen lanaz gain, kanpoko faktoreak ere izan beharko zenituztela lagun sasoiko helburuak lortzeko. Eusko Label Ligakoen maila, galiziarrena… Zer izan duzue alde, eta zer kontra?
Alde, egia esanda, taldea; arraunlariak. Bagenekien oso talde polita genuela, bloke ona, eta hortik abiatuz, bada, bagenekien abiapuntu ona genuela.
Neguan hasten zara entrenatzen eta, azkenean, badakizu zer-nolako taldea izango duzun, gutxi gorabehera. Entrenamenduez gain, neguko estropadak ere hor daude, eta badakizu talde polita izango duzula uretan.
Kontra, bada, presioa. Presioa, jakina, modu onean ulertuta. Beti goian egoteko presioa, azken urteetan ere play-offetan izan gara, eta beti duzu arantza hori taldea goian ikusteko berriro. Eta gauza bat da zuk kontrola dezakezuna, baina beste taldeek ere zu bezala entrenatu eta lehiatzen dute.
Beraz, kontra, beti, ezjakintasun hori. Ez dakizu besteek nola erantzungo duten, ezta zuk ere. Nahiz eta bloke edo arraunlari gehienak mantendu ez dakizu ziur ezer. Beraz, beharbada kontra izan duguna presio edo urduritasun hori izan da, baina asko genuen alde: taldearen indarra eta konfiantza handia arraunlariengan.
KAE 1 Ligako txapeldun eta igoera erdietsita. Helburuak beteta?
Nik uste baietz, helburuak beteta daudela. Ezarritako tamainaren arabera helburuak bete daitezke edo ez, batzuk kirol mailako helburuak dira, eta besteak estrukturalak. Baina kirol mailako helburuentzako aurten oso urte ona izan da.
Egia da estropada gorabeheratsuak ere izan ditugula. Ez da dena polita izan. Tentsio puntu hori egon da udaran, ez duzula asmatzen, kaleen kontua… Aldagai horiek ere hor daude, eta estropada batzuekin ez ditugu asteburu onak pasa.
Baina, tira, azken estropadetan argi erakutsi da gai ginela. Gaitasuna bagenuela hor egoteko. Eta hori da garrantzitsuena.
2019an kategoriaz jaitsi zinetenetik ez zabiltzate ur handi horietan. Aurten askotan astindu dituzue banderak, irabazi eta irabazi. Uste duzu taldea prest dagoela kategoria gorenerako?
Arraunlari gehienak 2019an, jaitsi ginenean, hor zeuden. Gutxiengoa izango da berria. Hiru-bost arraunlari kenduta, besteek esperientzia badute Eusko Label Ligan; eta, gainera, urte askokoa. Entrenatzailea bera lehenengoa.
Nik uste taldea gai dela. Badakigu Eusko Label Liga zer den, maila handia dago, baina ez goaz beldurrez. Ez goaz azken putz izateko mentalitate horrekin, ezta gutxiago ere! Lasaitasunarekin hartzen dugu. Azkenean, sari bat da hau, eta uste dugu plantilla on bat osatzeko aukerak ditugula. Eta uste dut lehiakorrak izango garela.
Gero, noski, gorabeherak gorabehera. Urak, azkenean, jarriko gaitu gure tokian. Baina ez dugu beldurrik. Zuzendaritzaren aldetik eta arraunlarien partetik konfiantza osoz goaz. Egia esan, orain olatuaren gorenean gaude, geziarekin goruntz, eta beldurrik ez digu ematen.
Beldur gehiago ematen dizu ehun mila aldagai egoteak, bai arlo ekonomikoan, sozialean… Hor erabaki egokiak hartu beharko ditugu hau aurrera eramateko, baina kirol arlotik ez dugu beldurrik, eta oso gogotsu gaude Eusko Label Ligari aurre egiteko.
Harrera beroa egin zizueten atzo. San Pedroko kaleetan hainbeste jende soilik jaietan eta Libiak irabazten duenean ikusten da…
Eskerrik asko, bihotzez, herri guztiari. Nik beti diot, eta ez da postureoa: lorpen hauek ez dira gureak. Ez dira zuzendaritzarenak. Ez dira soilik arraunlarienak. Herri guztiarenak dira, sanpedrotar guztienak. Bai hemen daudenak, herrian, eta baita kanpoan bizi direnak edo edozein tokitatik animoak ematen dizkigutenenak.
Denok gara parte. Batzuk alde batean gaude eta beste batzuk bestean, baina denok gaude hor. Denok osatzen dugu kluba.
Bihotzez eskertzekoa da herriaren beroa; zaletuak nola beti dauden hor, gainean. Oso lorpen polita izan da, eta aurtengo testuingurua oso hunkigarria izan da. Atzo herrian egin ziguten harrera, baita asteburuan bai Bermeora eta baita Portugaletera ere bi autobus atera izana.
Gazte asko ere badaude, eta hori garrantzitsua da. Azkenean, hau gazteek bizi beharreko zerbait da, garaipen hauek. Guk, gure gazte garaietan, Libia handi hori ezagutu genuen, eta orain, XXI. mendean jaio diren herriko gazteek ez dute oraindik ezagutu horrelakorik. Eta halakoak bizitzen aritzea oso polita da.
Atzo jende asko zetorkidan: ‘A ze lana! Zorionak!’, baina ez da nire lana, hau guztion lana da. Jendeak ulertu behar du hemen bazkideak daudela, jende asko dagoela atzean esku bat botatzen, eta beraien lorpena da.
Guk, noski, ardura bat dugu eta hori horrela da, baina lorpen hau guztiona da. Eta jendeak ulertu behar du irabazten denean, hemen denok irabazten dugula, eta galtzen dugunean ere denok galtzen dugula. Hau ez da, gazteleraz esaten den moduan, ‘irabazi dugu eta galdu duzue’. Ez, ez, ez. Hemen denok irabazi dugu, eta hori da politena, horren parte izatea.