Eraso matxista eta transmaribibollofobikoak izan dira santakrutzetan
Mugimendu Feministak eta udalak ohar bateratua plazaratu dute erasoak irmo salatzeko. Brigada Morearen lana eskertu dute.
Lezoko Mugimendu Feministak eta Lezoko Udalak jakinarazi dute santakrutzetan hainbat eraso matxista izan direla. Irmo salatu dituzte horiek. Zehaztu dute, ostiral gauean (hilaren 15eko gauean) pertsona transmaribibolloaren aurkako bi eraso izan zirela, larunbat gauean (hilaren 16koan), berriz, emakumeen kontrako “eraso matxista anizkoitzak” izan zirela.
Mugimendu Feministak eta udalak, ohar bateratuan, erabateko arbuioa adierazi diete erasoei. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu urte luzez normaltzat jo izan diren zenbait jarrera eta portaera auzitan jartzea, eta horietatik eratortzen diren menderatze eta beldurrarazte ekintzak salatzea. Zalantzarik gabe, horrelako gertakariek alarma sozial handia, segurtasunik ezaren sentsazioa eta beldurra eragiten dituzte, batez ere sistema zisheteropatriarkalak zaurgarri bihurtzen dituen pertsonen artean. Bizikidetzaren oinarri izatea nahi dugun balioen guztiz aurkakoak dira, eta, ez dute lekurik gure herrian ez eta gure gizartean”.
Erasoen aurrean, festetarako hitzartutako protokoloa aktibatu zuten. Erasoen berri izan eta informazioa baloratu eta egiaztatu ostean, indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokoloa aktibatu zuten. Brigada Morearen lana eskertu du udalak: “Euren esku-hartzea ezinbestea izan da eraso hauek identifikatzeko, eta ziurrenik, urrunago joatea eragozteko”. Erasoak jasan zituztenei laguntza eta babesa helarazteaz gain, gaitzespen mezua zabaltzea adostu zuten aldeek. “Horrekin batera, Lezoko herritar guztiei deia egin nahi diegu inguruan ikusi ditzaketen eraso matxistei aurre egiteko, eta horiek salatzeko. Guztiok beldurrik gabe eta askatasunean bizi ahal izan ditzagun jaien alde. Indarkeria matxistaren aurka eta elkarbizitzaren alde”.