[Bideoa] Heldu da Erriola porturatzeko eguna
Urriaren 1ean egingo dute Kilometroak 23ren jai handia. Gaur eman du Orereta Ikastolak egitarau osoaren berri, xehe.
Urte luzeko ibilbideari ginga jarriko dio Kilometroak 23k urriaren 1ean egingo duen jai handiarekin. Egun horretan porturatuko da Kilometroak 23ren ikur den Erriola. Gaur eman dituzte xehetasun guztiak Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, eta Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak. Ez dira bakarrik agertu prentsa aurrera, Orereta Ikastolako ikasle mordoa izan dute ondoan agerraldia Kilometroak 23aren kantaren koreografiarekin alaitzeko.
Gipuzkoako ikastolen ordezkari gisa Orereta Ikastola osatzen duen komunitateari eskerrak eman dizkio Artolak, “kilometroak antolatzeak eskatzen duen ilusioz eta motibazioz bikain aritu direlako eta ari direlako”. Orereta Ikastolak egindako lana goraipatzearekin batera Gipuzkoako gainontzeko ikastolei eskerrak eman dizkie ere “erakutsitako eta emandako laguntza, babes eta elkartasunarengatik urte osoan. Horien inplikazioa behar beharrezkoa baita urte osoko lanari aurre egiteko”.
Eskerrak ere Artolak, laguntzaile, babesle, erakundeei eta esker bereziak Errenteriako Udalari eta udalerriko elkarte eta eragileei.
Euskara eta euskal kulturaren plaza gisa definitu ditu ikastolen jaiak, “auzolan erraldoia dira, ikastolen proiektuari atxikimendua eta elkartasuna adierazteko ekimenak, milaka eta milaka euskal herritarrek parte hartzen dutelarik. Ikastolen berezko ezaugarrien sakontze ariketa praktikoa da Kilometroak: Jai parte hartzailea, Euskal Herriko ikastola guztiei parte hartzeko aukera ematen diena, aldarrikapenari tokia ematen diona, euskalgintza, kulturgile eta herri eragileekin batera elkarlanean aritzen dena, eta elkarren arteko harremanetan zein norberaren bizipenetan sakonduz ongi pasatzeko aukera ezberdinak eskaintzen dituena. Nola ez, herri osoari irekia dagoena”.
Ikastolen mugimenduak “erronka potoloak” dituela esku artean esan du bestalde, Artolak , “orain arte bezala, gure komunitatearen bultzadaz helduko diogu eskuartean ditugun eztabaida eta hausnarketei”.
Egitaraua eta xehetasunak
Euskararen jai erraldoiaren gaineko zehaztapenak Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak eman ditu xehe. Errenteria-Oreretak hartuko duena, Gipuzkoako Ikastolen jaiaren 47. edizioa izango da, eta Orereta Ikastolaren 60. urteurrenarekin bat egingo du. Urtarriletik hona antolatu dituzten jarduera eta iniziatibetan euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan dituztela ardatz jarri du nabarmen Navarrok, “Erriolak ekarri dizkigu KM Txikia, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren eta Berriaren sorreraren hogeigarren urteurrena gogoratzeko astea, euskara batuaren sortzaileei zein euskara batuari berari gorazarre egiteko giza katea, 12 orduko kultur maratoia, Adaxka berriak ikuskizuna Ziburu eta Hendaiako ikastolekin, Urmuga jaialdiaren barruan egindako mendi ibilaldia, patatxa gaineko musika emanaldia, eta Gure Añabitarte kontzertua, eta jakina, gure soinu banda bihurtu den Jon Maia bertsolariaren hitzekin eta Janus Lester taldearen musikarekin sortua”.
Eskerrak eman dizkio Navarrok ekitaldi horietako bakoitzean lagun izan dituzten eragile eta norbanakoei. izan ere, jende ugari ari da Kilometroak 23ren inguruan “gogotsu eta indarrez”.
Horri guztiari bukaera urriaren 1ean emango diote, eta gogoz ari direla prestatzen egun handia erantsi du, “beti ere, euskara eta euskal kultura erdian jarrita”.
Lau gune nagusi eta hiru azpi gunetan banatu dute askotariko egitarau zabala. 10:00etan hasiko da ekitaldi instituzionalarekin: “Ibiltaria izango da, Lekuonako zubian ongietorria eginda, Zumarditik eta Linotik pasa eta Zamalbide gunean amaituko da”. Bertan izango dira aurreratu dutenez gaurko agerraldian, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, eta Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakaria
11:00etatik aurrera musika, dantza, umeei zuzendutako eskaintza, tailerrak, kale animazioa, Gipuzkoako Ikastoletako DBHko ikasleen arteko erronka, tonbola, jantokian bazkaria, eta txosnetan ogitartekoa zein bestelako jakiak izango dira.
Honakoak musika taldeak: Willis Drumond, El quinto contenedor, Zilibito Records, Trilita, Dupla, Esti eta Mikel Markez, Gozategi, DJ Bull, Akerbeltz, Ithaka, Janus Lester, Andoni ollokiegi, Goazen, DJ Kaktus. Horiekin batera beste hamaika emanaldi, tailer eta jardunaldi. Guztiak kontsultatzeko egin klik hemen.
Lau gune eta hiru azpi gune
Lau gune nagusia eta hiru azpi gune izango dira urriaren 1eko jai handi horretan: Lino —Agirre Lehendakariaren plaza—, Esmalteria —Koldo Mitxelena plaza—, Galletera—Gernika Plaza—, eta Errioa —Iztieta pasealekua. “Eremu horiek ola eta fabrikak hartu zituzten garai batean errioaren bazterrean, eta ur horiek berak baserriko baratzak ureztatu ditu. Urbanoa eta ez urbanoa, Mantxester Txikia eta baserria, Orereta-Errenteria lotzen dituen bi errealitateak. Guneen izenek ere horixe irudikatzen dute”.
Gune nagusiez aparte, Zamalbide azpi gunea —Txirrita Parkea (Patxiku)—, Alhondiga, eta Haurren Errioa.
Garraio publikoan bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek, Euskotren, Lurraldebus, edo Renfe erabilita. renferen erabiltzaileentzat oharra ere egin dute gaurko agerraldian. izan ere, urriaren 1ean mozketak iragarri dituzte, eta beraz, Andoain-Lezo/Errenteria eta Lezo/Errenteria-Andoain artean baino ez du zerbitzua emango.
Bi aparkaleku nagusi ere izango dira egunean bertan. Pasaiako Portua eta Txirrita Amleo industrialdea. Autokarabanentzako gunea ere izango da Agustinak auzoan.
Jatekoak
Jatekorik ez da faltako Kilometroak 23 jaian. Ogitartekoak, taloak, pintxoak eta bestelakoak ere izango dira. Horiekin batera, eserita bazkaltzeko modua ere izango da DFdernadez de Landa plazako aterpean jarriko duten jantokian, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian. Helduentzako menua 13 euroan izango da salgai eta haurrena, 6 euroan. Jatekoak, paella, oilasko errea eta postrea. Ordutegia, berriz, 13:00etatik 15:30era.
Bazkarirako txartelak aldez aurretik hartu ahal izango dira. Horretarako egin klik hemen. Egunean bertan jangelan ere eskuratzeko aukera izango da.
Ederra izango da festa. Ez da zalantzarik, “giro bikainaz gozatu nahi duen oro gonbidatu nahi dugu urriaren 1eko kilometroak egun handira”.
Ondoko bideoa Leire Perlinesek egina da.