[Erreportajea] Maitasunetik ehundutako aitortza
Mikel Martin Conde omenduko dute bihar. Hamaika borrokaren ekintzaileari, eta utzitako ondare politiko, sozial eta emozionalari aitor egiteko herriak egindako lanaren emaitza da Mikelaldia.
Mikel Martin Conderen neurrira egindako herri omenaldia josi dute haren lagunek, familiak eta Errenteria-Oreretako hamaika eragilek. Martxoaren 2an zendu zen hamaika borrokaren urratzailea; orduan agur ekitaldi ederra eskaini zioten, baina hitza eman zuten Martin merezi zuen moduan omenduko zutela aurrerago.
Iritsi da. Omenaldia ereiten aritu dira hainbat talde, eragile eta norbanako pasa den maiatzetik, biharkoa egi bihurtzeko. Mikelaldia izan da emaitza: goxoa, ederra, lotsarik gabea, eta konprometitua izango da omenaldiaren bueltan antolatu duten ekintza bakoitza, Mikel bera zen bezala. Gogotsu antolatu dute, baina batez ere maitasunetik.
Bittor Cuña, Maider Beristain eta Mash Elizalde omenaldia egi bihurtzeko lanean aritu dira. Mikeladiaren koordinatzailea da Cuña, EHGAMeko kidea Beristain, eta Loratuz Lotu Helduentzako Trans elkarteko kidea Elizalde. Bat datoz hirurak, «maitasunetik sortutako omenaldia izango da Mikelaldia». Egunean haren militantzia eta izaera lehen lerroan jarriko dituztela nabarmendu du Elizaldek: «Mikel maitasuna, errespetua eta iraultza zen, eta hori islatuko dugu bihar».
Pertsonala ere, politikoa
Aniztasunari egin dio erreferentzia Beristainek: «Omenaldi hau ahalik eta jende eta kolektibo gehienena izan behar zuela argi genuen. Oso ederra da ikustea benetan noraino eta norenganaino heldu garen. Mikela beraren izaera, identitatea, pentsamendua, borroka, ibilbide politikoa edo pasioa kontuan hartuz gero, noraino hel zitekeen konturatu zaitezke».
Ideia horrekin bat egin du Cuñak, eta sinetsita dago Martinek islatzen zuen pluraltasun hori agerian gelditu dela omenaldia antolatzeko garaian: «Oso ezberdina garen jendea aritu gara, ziurrenik batera arituko ez garenak bestelako testuingurutan. Mikelek batzen zuen hori guztia. Pertsonala politikoa dela maila guztietara eraman zuen; seropositiboa izanik aurpegia eman zuen horrek duen estigmarekin, 1970eko hamarraldian Francisen hilketa salatzeko protestetan homesexuala zela eta ez zela gehiago ezkutatuko esan zuenean bezala». Bat datoz hirurak. «Gaur-gaurkoz LGTBI kolektiboko pertsonak askoz hobeto bagaude, duinago bizi bagara, Mikel eta bera bezala borrokatu diren pertsonei esker da».
Omenaldiak aitortza izan nahi duela esan du Cuñak. «Mikeli eta bizi ibilbidean motxilara bildu zuen guztiari aitortza. Mikel borroka kolektibo askoren erreferente bat zelako, transbertsalitatea erabat islatuta gelditu da bere borrokan. Urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan ekintzailea zen Mikel, pertsonala politikoa denaren eredu ezin hobea; Mikelek ez zuen atseden hartzen, etengabea zen bere militantzia».
Informazio eta esperientzia iturri
Hunkituta eta mirespenez oroitu du Cuñak Martinek bere bizitza oparo horretan bildutako informazio eta esperientzia itzela: «Informazio zentro modukoa zen besteontzat, batez ere LGTBI borrokaren erreferente zelako, baina baita antikapitalista, ekologista, feminista, edo arrazakeriaren kontrakoa zelako ere. Horietan guztietan egiten zuen militantzia». Asko eta askorentzat «erreferente» bilakatu zela Martin dio Elizaldek: «Babes emozionala eta lasaitasuna ekarri digu askori, eta azken unera arte izan da lanean mundu ederrago bat uzteko».
Asko da, handia Martinek egindakoa; asko da eta oso handia utzi duena. Hori guztia aintzatetsi nahi diote bihar Mikelaldiarekin. «Baina Mikelen alde dibertigarria ere plazaratu nahi dugu, arima borrokalaria zuen ekintzailea zelako, baina baita alaia ere —erantsi du Cuñak—. Hori ere ikusiko da omenaldian. Ez zen bulego eta moketa ekintzailea; barrikada, kartel, pankarta eta mikrofono ekintzailea zen».
Kalejira, kabareta eta herri afaria
Mikelaldiaren barruan, hiru hitzordu. Kalejira Koloretsuarekin ekingo diote egunari. 12:00etan abiatuko da Arramendiko baratzeetatik —Gaztaño auzoa—. Aurretik, bertan, mandala bat egiten hasiko dira, eta mandala horretarako osagaiak, loreak izan edo beste edozer, eraman nahi dituenak 11:30ean jo beharko du baratze gune horretara. Baratze ondoan Xanti Vicente Altxu eta Martinen omenezko haritzak daude landatuta, eta bertan egingo dute mandala.
Kabaretaren txanda helduko da ondoren, arratsaldez. «Mikelaren oroitza argiz, kolorez, kantuz, dantzaz, dirdiraz eta bizipozez jantziko duen hitzordua, elkar hartuta hunkitzeko, goxatzeko eta alaitzeko oroigarri xamur bat», antolatzaileek azaldu dutenez. Emanaldia 19:00etan hasiko da Lekuona Fabrikan. Antolakuntzak osagarri koloretsu bat eramatea proposatu die bertaratuko direnei, «norberak nahi duena eta nahi beste, libre: soineko, jantzi, boa, takoi, kapela, zapi, zorro, poltsa…».
Herri afariarekin jarriko diote ginga Mikelaldiari. Agirre Lehendakariaren plazan —Lino— izango den karpan mahaiaren bueltan elkartuko dira 21:30ean. Afalostean denen artean mahaiak, eserlekuak eta gainerakoak jasotakoan, jaiaren txanda izango da.
Islatzen zuen pluraltasuna agerian gelditu da omenaldiaren antolaketan
Ekintza bakoitzarekin maitasuna, hutsunea, harrotasuna, eskertza eta miresmena azaldu nahi dituzte, Beristainen esanetan: «Ekintzetan gauza ezberdin asko topatuko ditu bertaratzen denak, bakoitzak omentzeko eta eskaintzeko era ezberdinak plazaratuko ditu. Guztiak izango du harreman bat, oinarri batek lotuko ditu, eta hor ikusiko dugu Mikela, egun osoan zehar gertatuko diren gauza guztietan». Bertaratzen denak ikuskizuna, musika, afaria, dantza aurkituko dituela erantsi du Elizaldek, «baita elkar saretzea, emozioen partekatzea, maitasuna eta bakoitzak sentitzen duena azalarazteko espazioa ere».
Omenaldian parte hartu
Omenaldian izatea, Martinen borrokari aitortza egitea da Cuñarentzat: «Garrantzitsua iruditzen zait bere senideek ikustea, batzuetan kosta egiten zaielako ohartzea guretzat oso erreferente garrantzitsua izan dela Mikel. Kanpoan bilatzen ditugu erreferenteak eta miresten ditugu. Kasu honetan herrian bertan genuen eta erreferente itzela izan da. Herrikoa izanik, gainera, harresi ugari gainditu zituen, Euskal Herrian zelako ezaguna, baina hil zenean, Nazio Batuen Erakundetik ere heldu zen dolu oharra. Hori ere ezin dugu ahaztu».
Itzala luzea Martinena, zalantzarik ez da. Arrastoa Errenteria-Oreretan, Euskal Herrian eta hortik kanpo ere utzi du ekintzaileak.
Omenaldia ontzeko ibilbidea «oparoa» izan dela diote, «aberasgarria». Elizalderentzat erraz joan da: «Halakoetan desadostasunak-eta izaten dira, baina kasu honetan dena nahikoa erraz joan da, argi dugulako zergatik eta norengatik egiten ari garen. Eta gehienbat, saiatu garelako egiten ari ginena Mikeli gustatzen zitzaion bezala egiten».
«Denak gustura eta pozik uztea» sartu du zailtasunen zakuan Cuñak: «Jende asko lekurik gabe geldituko zen kabareta ikusteko, baita herri afarirako ere, Mikelek zuen itzalarengatik. Hasieran zerbait txikiagoa egiteko asmoa genuen, baina ohartu ginen garrantziaz eta birplanteatu egin genuen. Hainbeste jendek etorri nahi zuen hiru ekintza antolatzea erabaki genuela, gutxienez batean parte hartzeko aukera izan dezaten».
Esker ona laguntzarengatik
Esker ona adierazi die Mikelaldiaren koordinatzaileak biharko omenaldia posible egiteko lanean aritu diren elkarte, eragile eta norbanako guztiei. Horietako bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa izan baita omenaldia egi bihurtzeko.
Martinen familiari ere eman dizkio Cuñak eskerrak; izan ere, beraiek ere izaten ari dira parte ezinbesteko omenaldia josteko garaian. Arratsaldean izango den kabaretean parte hartuko duten artista guztiei ere aitortza eta esker ona antolatzaileen aldetik: «Horietako batzuk dagoeneko lotuta zituzten emanaldiak bertan behera utzi dituzte Mikelen omenaldian parte hartu nahi zutelako, agendak baztertu dituzte batzuk, eta beste batzuk, berriz, oso urrutitik datoz emanaldia egiteko».
Errenteriako Udalari ere eskainitako laguntza eskertu dio Cuñak. «Batez ere Berdintasun sailari, teknikari eta langile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet erakutsi duten sentsibilitatearengatik, eta eman diguten laguntza guztiarengatik. Mikelaldia aurrera ateratzen laguntzeko egin duten lan handia, eta erakutsi duten jarrera aitortu eta eskertu nahi diet».
Mikelaldian parte hartzera deitu dute hirurek. «Batera edo bestera jakin badakigu jende asko geldituko zela kabareterako gonbidapenik gabe, edo afarirako txartelarik gabe —400 pertsonentzat dago lekua— baina eguerdian izango den kalejiran parte har dezakete».
Itzali ezinezko erreferentea
Sexu askapenerako mugimenduarentzat erreferente izan denari aipamena egin diote berriro. «Erreferente izugarria izan da. 1970eko hamarraldian hasi zen militatzen EHGAMen, eta geroztik ezinbestekoa izan da mugimenduan—dio Beristainek—. Gazteagoentzat erreferente eta elkargune izan da. Ez zion inoiz utzi LGTB mugimenduan parte hartzeari, eta gurekin edo gazteagoekin bilerak eta borrokak konpartitzeari; azken unera arte egon zen oso inplikatua trans pertsonen aldeko borrokan».
Martin ezagutzeko zortea izan duen ororentzat aski ezaguna den irudia oroitu izan nahi du EHGAMeko kideak: «Denok gogoratzen dugu edozein manifestaziotan Mikela LGTB bandera eskuan. Horrek asko esaten du berari buruz, borroka politiko ezberdin askotako manifestazioetan ikusten genuen, eta LGTB mugimenduaren ikuspuntu hori, gainerako borrokekin lotutakoa, da berarengandik jasotako gauzetako bat. Hiesaren inguruko borrokan ere, erreferentea izan da guretzat».
Harago jo du Beristainek sexu askapenerako mugimenduari Martinek egin dion ekarria definitzeko garaian: «Pasioa, maitasuna, grina, lotsagabetasuna, aurrera egiteko indarra, borrokak merezi duela esaten zuen ahotsa, gorputz indartsu bat bere zaurgarritasunean, kolektibotasuna, gauzak birpentsatzearen garrantzia… Gauza asko izan da Mikela».
Hori dena eta gehiago zen Mikel Martin Conde. Izan denari, eta utzi duenari; bere txikitasunean handi, erraldoi izan den hamaika borrokatako ekintzaile konprometituari, gorazarre egingo diote bihar, maitasunez eta maitasunetik.
Herria ortzadar banderekin eta hamaika kolorez betetzeko deia egin dute Mikelaldiaren antolatzaileek.
Proposamena jasotzeko modua jarri dute nabarmen; izan ere, ez da Mikel Martin omentzeko lanean aritu direnek zuzenean egindako proposamena, herritarrengandik jasotako iniziatiba baizik, eta pozez hartu dute.
Martinek Errenteria-Oreretan, bere herrian, utzi duen arrasto handiaren erakusle bada hori, eta herritarrek egindako proposamena lau haizetara zabaldu dute Mikalaldiaren antolatzaileek. Hori horrela, bihar, etxeko balkoi eta leihoetan, zein herriko kaleetan ortzadar banderak edota koloreetako zapiak jartzera deitu dituzte bizilagunak.
Gonbidapen hori, herriko saltokiei ere egin diete Mikelaldiaren antolatzaileek, «erakusleihoak ortzadar banderekin edota koloreekin apaintzera animatzen ditugu».