Aisialdi hezitzaile titulua ateratzeko ikastaroa Oiartzo Ikastolan
Seigarren urtea du eskaintza egiten. Hala, aisialdiko hezitzaile titulu homologatua jasoko dute ikastaroa egiten dutenek.
Haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du Oiartzo ikastolak, Ikastolen Elkarteko Aisiola hezitzaile eskolaren eskutik. Seigarren urtea du eskaintza egiten. Hala, aisialdiko hezitzaile titulu homologatua jasoko dute ikastaroa egiten dutenek.
2023an 16 urte edo gehiago beteko dituzten herritarrei begirakoa da eskaintza.
Ikastolan bertan egingo da ikastaroa eta urriaren 20an hasiko da eta ikasturte bateko iraupena izango du 17 urte beteta dituztenei begirakoa. Ikastaroa bi urtean egiteko aukera ere badago 16 urte bete edota aurten beteko dituztenen kasuan. Azken ikastaro hori, 2024ko urtarrilean hasiko da eta bi urteko iraupena izango du. aukera batean zein bestean, ikastaroak atal teorikoa eta praktikoa izango ditu, eta ostiral arratsaldetan emango dute 15:30etik 20:30era bitartean.
Ikastolako ikasleek zein ez direnek eman dezakete izena ikastaroan, eta horrek, aisialdi taldeetan, udalekuetan, eskolaz kanpoko ekintzetan, edota jangelako hezitzaile izateko aukera emango die tituluak.
Aisiola eskolak ematen du ikastaroa, eta Lanbidek homologatutako titulua da jasotzen dena.
Urrian hasiko den ikastarorako izena emateko epea, urriaren 2an, astelehena, amaituko da. 2024ko urtarrilean hasiko den bi urteko ikastarorako izena emateko epea, berriz, azaroaren 1etik abenduaren 1era izango da. Webgune bidez egin behar da, eta ordainketa, matrikula egiteko unean ordaindu behar da: ikastolako bazkideek 430 euro, eta hala ez direnek, 450.