Lezoko antzerki testu laburren lehiaketak baditu finalistak
Finalerako hautatutako sei lanen irakurketa dramatizatua egingo dute urriaren 7an, eta herritarrek aukeratuko dute irabazlea.
Lezoko I. Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren finalistak aukeratu ditu epaimahaiak: hemezortzi lan aurkeztu ziren, eta horietatik sei aukeratu dituzte urriaren 7an egitekoa den arte eszenikoen festan plazaratu, eta herritarrek bozka bidez erabaki dezaten zein den onena. Lezoko Udalaren eta Hika Teatro konpainiaren ekimenez ari dira egiten kultur egitasmoaren lehen ekitaldia.
Honakoak dira epaimahaiak onetsi dituen sei antzerki testuak, eta horien egileak:
- Erga tibo pum, Xabi Paya
- 1.13, Garazi Ezeiza
- Ukondoa, Oier Guillan
- Beharrez egin dut, Hegoa Alvarez
- Amaren arropa zuria, Iñaki Cid
- Intxaurrak, Ainhoa Mariezkurrena
Lierni Fresnedo, Kepa Erasti eta Agurtzane Intxaurraga izan dira epaimahaiko kideak, eta besteak beste, lanak baloratzeko garaian, testuen kalitatea, egileen arteko parekidetasuna, euskararen presentzia, eta adina (finalistetako bik 35 urtetik beherako egileenak behar zuten izan).
Urriaren 7ko festa
Antzerki testu laburren lehiaketaren lehen fasea bukatuta, orain kalera jauzi egingo du egitasmoak. Izan ere, aukeratutako sei lan finalisten irakurketa dramatizatua egingo dute urriaren 7an herriko kaleetan egitekoa den festan. Testu guztien irakurketa dramatizatua egingo dute hainbat aktorek herritarren aurrean, eta horiek, herritarrak, arduratuko dira onena aukeratzen bozketa bidez. Saio horietan publikoak ez du jakingo testuak zein egilerenak diren, ezta hori interpretatu duten aktoreen zuzendaria nor izan den. Antolakuntzaren aholkua: ikusleei bazkaltzeko otartekoa eramatea gomendatu diete. “Festa ziurtatua dago”, esan dute.
Izan ere, aurrez prestatuko dituzte aukeratutako sei aktorek sei testu horiek, hainbat zuzendarirekin landutakoak. Gainera, festak aurkezleak eta dinamizatzaileak izango ditu. Jarraian horien guztien zerrenda:
Aurkezleak eta dinamizatzaileak
- Miren Gaztañaga
- Xanti Agirrezabala
Zuzendariak
- Ander Lipus
- Maika Etxekopar
- Olatz Beobide
Testuen irakurketa dramatizatua egingo duten aktoreak
- Eneritz Artetxe
- Maryse Urruty
- Koldo Olaberri
- Idoia Tapia
- Kimetz Etxabe
- Raquel Salinas
- Laguntzaile izango dituzten musikariak: Idoia Hernandez Hatxe eta La Brava DJa