AMAraun ikuskizuna, urriaren 29an
Martzelina Bertsozale Elkarteak Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak sortutako eta bertsoa, kantua zein dantza uztartzen dituen lana ekarriko du.
Urriaren 29an, igandean, Martzelina Bertsozale Elkarteak AMAraun ikuskizuna ekarriko du Oiartzunera. Landetxen elkartuko dira, horrela, bertsoa, kantua eta dantzaren jarraitzaileak.
AMAraun ikuskizunak amatasunaren inguruko hausnarketa du oinarrian. Horretarako, musika, kantua, eta dantza uztartzen ditu. Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak sortutako lana da, eta gazte nahiz helduei zuzendutakoa.
“(Ama) izan ala ez izan” dilematik abiatzen da emanaldia, eta ama izateko eredu nahiz esperientzia desberdinen inguruan hausnartzeko aukera irekitzen du ikuskizunak. Hori horrela, enpatia eta aitortza ariketa izango da amatasun eredu guztiekiko, baita amek gizartean betetzen duten paperarekiko.
“Proiektu artistiko bezala, berritzailea iruditzen zaigu bertsoa eta dantza elkarrizketan baliatzea” adierazi dute sortzaileek. Horrek, ordea, aipatutakoak era bereizian ulertzeko arriskua badakar ere, haien asmoa “kontakizun baten elementu banaezin” bezala ulertzea da. “Istorio bat kontatuko dugu, eta horretarako eskura dugun lengoaia guztia baliatuko dugu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, edo eszena”.
Sarrerak datozen egunotan jarriko dituzte salgai. Ikuskizunaren ordutegia ere zehazteke dago oraindik. Sorkuntzan parte hartu dutenen fitxa teknikoa eta ikuskizunaren dossierra esteka honetan daude eskuragarri.
