Kilometroetarako errefortzu eta zerbitzu bereziak jarri ditu Lurraldebusek
Bidasoko eta Oarsoaldeko beste udalerriak Errenteriarekin lotzen dituzten E01, E02 eta E06 lineek zerbitzu gehiago eskainiko dituzte igandean.
Lurraldebusek Kilometroetarako errefortzu eta zerbitzu bereziak antolatu ditu. Zehazki E01, E02, E06 lineek zerbitzu gehiago eskainiko dituzte goizeko lehen orduetan, eguerdian eta arratsaldeko azken orduetan.
E01 Pasai Donibane eta E02 Oiartzundik ateratzen diren lineetan errefortzuak aurreikusi dituzte 09:00etatik 12:00etara, 13:00etatik 16:00etara, eta 18:00etatik 20:30era. Astigarraga eta Errenteria arteko 06 linea ere erabilgarri izango da, aste barruko ohiko ordutegietan, lehen eta azken zerbitzuak izan ezik. ibilbide horietan, gainera, ez du geldialdirik egingo Garberan.
Bestalde Kilometroak dela eta, Lurraldebuseko E02 eta E27 lineak gelditzen diren Errenteriako Lartzabal, Gabierrota eta Zumardiko geltokiak kenduko dira.