Xoxolurren zazpigarren urteurrenean, 700 metroko zazpi mendi, zazpi herrialdeetan
Izaeraz bete du 2023-2024 sasoiko egutegia Lezoko mendi taldeak. Zazpi herrialdeetako gainak besarkatuko dituzte.
Zazpi urte beteko ditu aurten Lezoko Xoxolur Mendi Klubak. Zenbaki horrekin jolasean antolatu dituzte ikasturtean egingo dituzten irteerak: besarkatuko dituzten gain guztiek 700 metro inguruko altuera izango dute, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak izango dira. Zazpiarekin jolas gehiago: Xoxolur hitzak zazpi hitz ditu; euskara hitzak ere bai. Eta Euskal Herriak zazpi herrialde. Izan ere, zenbaki horrekin egindakoa, jolasa baino, taldearen izaeraren oinarri da: mendi irteeren bitartez Euskal Herriko txokoak ezagutzea dute helburu, familia giroan, eta euskaraz. Hara: familia hitza ere zazpi hizkikoa da.
Jolasa egutegira eramanda, honakoak dira Xoxolurren proposamenak 2023-2024 sasoirako.
- Hilaren 15ean. Ordiziako Eskolarteko XXXV. Finalistaren Egunean parte hartuko dute.
- Azaroak 19. Bizkaiko Astxiki (Axpe), 791 metrokoa.
- Abenduak 3. Jaizkibelen, Euskararen Haziak ibilbidea (Lezotik).
- 2024ko urtarrilaren 14an. Lapurdiko Mondarrain (Ezpeleta-Itxasu), 749 metrokoa.
- 2024ko otsailaren 18an. Aizleor (Segura), 723 metrokoa.
- 2024ko martxoaren 17an. Oarsoaldeko ibilbide neurtua.
- 2024ko apirilaren 14an. Arabako Pagolar (Luiaondo), 722 metrokoa.
- 2024ko maiatzaren 12an. Nafarroako Arxuria (Etxalar-Zugarramurdi), 758 metrokoa.
- 2024ko ekainaren 15 eta 16an. Zuberoako Maidalena (Atharratze, 794 metrokoa) eta Nafarroa Behereko Handiaga (Donibane Garazi, 761 metro).