[Elkarrizketa] «San Juanek bere lekua berreskuratu behar du Eusko Label Ligan»
Irail bukaeran iragarri zuen Joseba Fernandezek (Pasai Donibane, 1974) Lapurdiko ontziaren gidaritza utziko zuela. Handik egun gutxira jakinarazi zuen San Juan-Koxtape CMO Valves klubak prestatzaile sanjuandarra etxera bueltatuko zela, 'Erreka' ontziaren ardura berrartuz.
«Heldutasun puntu bat» falta du Endika Zalduak utzi dion taldeak. Baina hori lortuko dutenaren zalantzarik ez du, aurreko entrenatzaileak egindakoari «distira atera» eta Eusko Label Ligara igotzeko.
Lapurdi utzi duzu San Juango ‘Erreka’-ren gidaritza hartzeko. Nolatan?
Urtero, abuztu eta irail artean hasten dira taldeetan mugimendu eta erabakiak, eta aurten ere hala izan da. Bizpahiru lekutatik deitu ninduten, eta haietako bat izan zen San Juan.
Beste aukerak ez nituen hausnartu ere egin. San Juan nire herriko taldea da, nire taldea da, eta play-offen ondoren hitz egiteko geratu ginen. Hasiera batean, egia esan, Lapurdi uzteko asmo handirik gabe nindoan, baina jakin nahi nuen zer kontatuko zidaten, zein apustu egin nahi zuten nirekiko.
Bildu ginen eta ikusi nuen proiektu serio eta sendoa zutela, eta egia esan, oso zaila izan zait Lapurdi utzi behar izatea, ezin hobeto izan naiz han, oso zoriontsu izan naiz, ilusio handia sortu genuela uste dut, eta ez zitzaidan ideia ona iruditzen alde egitea. Baina, tira, egia da, azkenean, sentsazioa nuela San Juani ezin niola ezetz esan. Zaila, baina hartu beharreko erabakia izan zen.
Zer eskatu zizun klubak?
Berez, ez didate eskaera berezirik egin. Beste ezeren gainetik, uste dut, hemen arrauna bizitzen den modua ezagututa, gehienbat identitatea berreskuratzea dela asmoa; gure identitatea, arraunarekiko eta traineruarekiko herriak beti izan duen lotura… eta harrobiko kluba denez, gazteek ikus dezaten eta ikas dezaten zer izan den, zer den San Juan arraun munduan eta arraunaren historian. Beti aitzindari izan garelako urte askoan zehar mutiletan, eta batez ere nesketan. Egungo klubik irabazleena izan baita. Hortaz, hori berreskuratzea. Harrobiko gazteek ikus dezatela zer izan garen eta zer egiteko gai garen.
Gero, noski, horrek itzulera bat behar du emaitzetan. Eta, jakina, San Juanek bere lekua berreskuratu behar du, bere tokia Eusko Label Ligan.
Nolako taldea utzi dizu Endika Zalduak?
Uste dut dugunari distira ateratzea lortzen badugu, orduan ohartuko garela benetan azken urteetan Endikak egindako lanaz. Kontuan izan behar da, gaur egun A taldeak duen plantillako gehienak berak gazte-gazte hartutako arraunlariak direla, eta joan dela maila guztietan zehar beraiekin batera hazten.
Espero zuten, beharbada, azkarrago goi mailan egon edo goi mailako emaitzak lortzea, eta oraindik, akaso, ez da iritsi momentu hori. Ez dute lortu gora igotzea. Baina lan hori hor dago eginda. Beti egon dira azken bi urte hauetan ohorezko txandan, borrokan. Oraindik heldutasun puntu bat falta zaie, eta hori nik aprobetxatuko dut. Endikaren lana nik aprobetxatuko dut orain.
Eta, tira, espero dut bera nirekin batera ere hemen egotea, klubean jarraituko baitu berak.
Lau denboraldirako sinatu duzu. Proiektu sendo bat osatzeko adina epe bada. Eusko Label Liga da helburua?
Bai, bai. Ez dut orain taldea presioz kargatu nahi, baina, azkenean, horretarako etorri naiz. Oso lehiakorra naiz, eta Lapurdi utzi eta hona etortzeko arrazoietako bat zen San Juan ikusten nuela berea ez zen toki batean, eta lehenbailehen ikusi nahi nuelako dagokion tokian.
Gauzak ongi egiteak ekarriko digu merezi dugun emaitza, baina uste dut hortik joan behar duela lanak. Helburua argi jarri, eta gero kudeatzen ikastea horrek dakarrena.
Fitxaketak egiteko asmorik baduzu?
Fitxaketak baino, hori, agian, diru proposamen batekin lotu daitekeelako, egiten ari garena da gure harrobiko jendearen artean mugimenduak bultzatu. Kanpoan arraunean dabiltzanak, gureak, edo arrauna utzita duten batzuk eta oraindik emateko dutenak…
Espero dugu lanerako kopuru polit bat lortzea, 30 inguru, neguan bi traineru ateratzeko. Eta saiatu, aldi berean, bigarren trainerua osatzen KAE2n aritzeko, eta hor, oinarria behar bezala lantzeko.
2012 eta 2016 urteen artean izan zinen San Juango lehen taldearen entrenatzaile, liga gorenean, gainera. Joseba hura eta oraingoa, zertan dira desberdin?
Mentalitate eta ilusio aldetik, beharbada, berdin; Erreka ahalik eta gorenen jarri nahi dut. Baina, bizitzako arlo guztietan bezala, denborak eskarmentua ematen dizu. Uste dut gauza gehiago dakizkidala etekin handiagoa ateratzeko plantillari.
Beti saiatu naiz nire taldeei ziurtasuna ematen, eta orain uste dut are eta gehiago lortzen dudala hori. Urtez urte ikasten zoazelako, hanka-sartzeek erakusten dizutelako gauzak hobeto egiten.
Eta kluba?
Guztiz aldatu dela iruditzen zait. Nik alde egin nuenean, A trainerua ohorezko txandan zegoen Eusko Label Ligan, Kontxan ohorezko txandan izan zen, Batelerak txapeldun izan ziren ligan eta Kontxan, bigarren ontzia [Oiartzungo Itsaslapurrak] KAE2 Ligako txapelduna izan zen.
Gaur non gauden ikusita, Batelerak ontzia apalean… iritsi naiz azken urteotako egoerarik latzenean, okerrenean. Horrekin zalantza gutxi dago. Iruditzen zait klubak egitura indartsua duela, hori ez duela galdu, eta horri esker aurrerapauso sakonak emateko aukera ikusten dut.
Tira, kirol arlotik, uste dut, gauzak ez direla ongi egin azken urteetan. Beharbada azken bi urteetan bai, baina lehenago ez. Eta, zorionez, egitura sendoa da, eta ez da inongo arriskurik kluba desagertzeko, ezta gutxiagorik ere.
Hemen harrobi lan izugarria dago. Badugu, zorionez, aukera neska-mutil ugari arraunlari egiteko epe motzean, eta hori ikusita, nik uste lanarekin eta bide zehatz bat markatuz badela aukera azkar maila bat hartzeko. Eta berehala jendeak eta herriak ikus dezan berriro ere bueltan garela, eta gure altuera historikotik gero eta gertuago. Hori da nahi dudana.
Pedreña, Castro, Urdaibai eta Lapurdi ere gidatu dituzu. Orain, etxera bueltatzea erabaki duzu.
Ezagutzen nauenak badaki: ni oso sanjuandarra naiz. Eta asko sentitzen ditut traineruaren emaitzak, han, hemen, edo edonon egonda. Esaten nuen bezala, Lapurdi uzteko arrazoi handiena San Juan zen. Lapurdin oso-oso ondo sentitzen nintzen; ezin hobeto, esango nuke. Baina hau nire herria da, hemen egiten dut bizitza, hemen ditut lagunak… Ikusten nuen benetako nahia zegoela ni hemen egotekoa; bai zuzendaritza aldetik, eta bai herriko jendearen aldetik. Eta horrek, noski, ilusio handia sortu dit barruan. Eta hemen gaude!