Udal Gobernu Taldeak 2024rako ordenantza fiskalaren proposamena aurkeztu du
KPIarekin batera, Udal zergak % 2,6an eguneratzea eta progresibitate fiskalean sakontzea proposatu du udal gobernuak.
Gaur eguerdian, Errenteriako Udal Gobernu Taldeak, 2024ko udal aurrekontua prestatze aldera, ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du. Udalean egin dute proposamena Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia alkateordeak, eta Eneko del Amo Ogasun zinegotziak.
Udaren amaieran, Kontsumo Prezioen Indizea % 2,6an kokatu zen, eta udalak balio hori hartu du kontutan ordenantza fiskalen zenbatekoa eguneratzeko. Hori dela eta, neurri hori administrazioa prezioen igoerarengandik babesteko proposatu dute. Dena den, lau eremu nagusitan progresibitate fiskalean sakontzeko ahalegina egin nahi du udal gobernuak. Horiek trantsizio ekologikoa bultzatzea, tokiko garapena sustatzea, etxebizitzaren funtzio soziala babestea eta gizarte babesa dira.
Trantsizio ekologikoa bultzatzea
- Hobari garrantzitsuak Ondasun eta Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) autokontsumorako energia berriztagarria ekoizten duten, edota energia komunitateetako kide diren erkidego, etxebizitza eta enpresentzat.
- OHZ eta Zirkulazio Zergaren hobariak baliatuko dira ibilgailu eta auto elektriko zein hibridoentzako kargagailu elektrikoak instalatzeko.
- Mugikortasun plan iraunkorrak garatzen dituzten enpresek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) hobariak jasoko dituzte.
- Uretara zuzenean egiten den isurketa murrizteko, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) hobaria saneamendu sistemara konektatzen diren auzo komunitateen eta partikularren obrentzat.
Tokiko garapena sustatzea
- JEZa izoztea.
- Establezimendu berriak irekitzeko, bide publikoa okupatzeko eta azoka txikia egiteko tasak izoztea.
- Merkataritza, ostalaritza, eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerari EIOZean hobariak.
- Ur eta estolderia zerbitzuen prezioak izoztea.
Etxebizitzaren funtzio soziala
Errenteria Tentsio Handiko Eremu izendatzeko hasitako bidearekin batera, ekintza sorta bat planteatu dute:
- Etxebizitza hutsak mobilizatzen laguntzea, OHZn % 150eko errekargua aplikatuz.
- OHZren hobariak 5 urtera arte zabaltzea, alokairu sozialerako babes publikoko etxebizitzen eraikuntzan.
- Alokairu soziala bultzatzeko, OHZren hobariak etxebizitza pribatuko bitartekaritza-programa publiko gehiagotara zabaltzea.
- Espekulazioa geldiaraztea, gainbalioen zergan pixkanaka karga aplikatuz.
- EIOZa izoztea.
- Etxebizitzen birgaitze integralaren arloko hobariak handitzea, baita EITetan (Eraikuntzako Inspekzio Teknikoetan) jasotako obretakoak ere.
Gizarte babesa
- Etxebizitza tutelatuetako eta aldi baterako bizitokiko etxebizitzetako zerbitzuen tasak izoztea.
- Etxez etxeko arreta zerbitzuan tasak izoztea. 300 familia artatzen ditu egun udalak zerbitzu honen bidez, eta itxaron zerrenda murriztu nahi dute.
Gaur egun, hondakinen bilketaren zerbitzuaren kostuaren ia erdia (% 47a) udalak asumitzen du. Hori dela eta, aurreko neurri guztiekin batera, udalak zerbitzuaren gaineko zergak % 8ra igotzea proposatu du, etxeko hondakinetan; % 10era jardueren hondakinetan; eta % 12ra hondakinen ekoizle handietan.
Datorren urteko ordenantza fiskalen gaia urriaren 31ko Osoko Bilkuran jorratuko da, eta bertan udal mailako zerga politiken behin betiko onarpena bilatuko du udal gobernuak.