'Aje emozional' bateko hausnarketak, Labandibarren lehen eleberrian
'Bekatua' liburua argitaratu du Labandibarrek, Ereinekin. Ezezagun baten ohean esnatu den emakume baten ideia zurrunbiloa kontatu du.
“Narrazio laburrak egin izan ditut orain arte. Beti galdetu izan didate ea noiz idatziko nuen lehenengo eleberria, eta nik erantzun izan dut agian inoiz ere ez. Bada iritsi da”.
Hitz horiekin aurkeztu du, gaur, Goiatz Labandibarrek bere lehenengo eleberria: Bekatua. Orain arteko liburuak narrazio motz edo ipuinak biltzen zituztenak izan dira, eta orain eleberrira jauzi egin du.
Salto hori “gustuz” egin duela aitortu du, “gogoa” sentitu duelako. “Inork ez nau horretara behartu. Egia da prozesu nahiko luzea izan da, ez dudala azkar idatzi”.
Hala ere, eleberri motza da, 96 orrialde baititu. Bekatua ez da hasierako izena. Izan ere, Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketako euskarazko kategorian irabazi zuen lanarekin, 2021ean; Biharamuna izena zuen orduan.
Krisia existentziala, umorez kontatua
Uxue Razkin Ereingo editoreak azaldu duenez, izenburu berriak hobe islatzen ditu liburuan agertzen direnak.
Protagonista Garazi izeneko 36 urteko emakumea da. 19 urteko ezezagun baten ohean esnatzen da, unibertsitatean ezagutu zituen lagunekin parranda egin ondoren.
Garaziren bekatua bikoitza da, Labandibarren esanetan: “Bikotekideari adarrak jartzen dizkio, eta, gainera, gizon gazteago batekin oheratu den emakumea da”.
Idazle oiartzuarraren asmoa norbait lo ezinda dagoenean izaten dituen “ideien zurrunbiloa” kontatzea izan da, “askotan euren artean konexiorik ez dutenak”.
Abiapuntu hori hartuta, “aitzakia” bat behar zuela jakinarazi du Labandibarrek. “Aitzakia hori zen pertsona bat aje emozionala edo krisi existentziala pasatzen ari zena”.
Ez zuen nahi aitzakia hori oso “transzendentala” izatea nahi, heriotza bat kasu, protagonistaren hausnarketak gertaera tragiko horretara bideratuko zituenak.
“Zerbait arinagoa sortu nahi nuen, puntu azidoa izango zuena akaso, baina baita umore puntu bat ere”, gaineratu du Labandibarrek.
Hausnarketak orotarikoak direla azaldu du, “sakonagoak izan daitezkeenak edo arinagoak”. Protagonistaren desirak, ahultasunak, indarguneak, zalantzak, baina baita harrotasun puntu bat ere islatu ditu.
Protagonistaren hausnarketa pertsonalez gain, inguruari ere begiratzen dio. Garazi da liburuan “ahotsa duen bakarra”, nahiz eta Mattin —bere ligea— eta Axi —bikotekidea— ere agertzen diren, “lehen planora eraman gabe”. Hirugarren pertsonan dago kontatuta.
Idazleak esan duenez, beste bi pertsonaia horiek zer pentsatuko luketen ez zaio asko inporta izan, eta protagonista “bat eta bakarra” izan dela berretsi du.
Argi utzi du tonu dramatikotik urrundu nahi izan duela. Inspirazioari dagokionez, “idazten hasten diren gehienek bezala”, berari zein ingurukoei gertatzen zaizkienetan oinarritu da —edo haietatik abiatu— protagonistaren hausnarketak idazteko.
Labandibarrek Iñaki Zapirain izan du hizpide. Berak ilustratu du liburuaren azala. Eba eta sagar debekatuan oinarritu da Garazi protagonistarena izan daitekeen eskuaren itzala eta txupito edalontzi batengatik ordeztuz.
Pertsonaia eraikia
Uxue Razkin editoreak aurreratu duenez, liburuak eszenatoki bakarra du —ezezagunaren ohea—. “Irakurleak hausnarketak irakurriko ditu, baina hausnarketa horiek —nolabait esatearren— ekintza bilakatzen dira, eta pertsonaia eraikitzen dute. Ohea izan arren toki bakarra, badu ekintza”.
Jarraitu duenez, hausnarketek ustez ez dute loturarik, baina gogoeta horien “osotasunak” badu zentzu eta koherentzia.
Liburu honek duen indarretako bat da pertsonaia. “Pertsonaia ez badago ongi eraikia, hausnarketekin bakarrik ezin duzu liburu bat bete”, zehaztu du Razkinek.
Editorearen ustez, euskal literaturan horrelako kontakizunen “hutsunea” dago. Eta gaineratu du: “Hausnarketak moralistak izan zitezkeen, baina ez da horretan erori”. Eleberriak antzerkirako balio lezakeela uste du Razkinek.
Bukatzeko, Labandibarrek gonbita egin du: “Orain nire ordenagailutik atera da, eta espero dut gozaraztea eta irribarre batzuk sorraraztea”.