Arditurriko Rollerski lasterketa azaroaren bigarren larunbatean
Azaroaren 11n izango da lasterketaren XV. ekitaldia eta bi mailatan banatuta ariko dira parte hartzaileak.
Azaroaren 9an, arratsaldez, egingo du Urdaburuk Arditurri Rollerski Lasterketaren hamabosgarren ekitaldia. Azaroko bigarren asteburuan kirola izango da nagusi. Azaroaren 12an Behobia-Donostia lasterketak hartuko ditu errepideak, eta egun bat aurretik, Urdaburu Mendizale Elkarteak antolatzen duen Arditurriko Rollerski lasterketaren hamabosgarren ekitaldia egingo dute. Arditurriko bidegorrian (Oiartzun) barrena egingo dute proba bi mailatan banatuta. 2010etik aurrera jaiotakoak, gazte mailan arituko dira eta Fortalezatik abiatuta 3,700 kilometroko bidea egin beharko dute Arditurriraino.
Helduen mailan, berriz 2009 eta urte horren aurretik jaiotakoek 7,100 kilometroko ibilbidea osatzea izango dute erronka, Mamut eraikin paretik abiatu eta Arditurriraino.
Azaroaren 11n, larunbata, 15:30ean egingo dute dortsal banaketa Oiartzungo Mamut-Alcampon, eta puntu horretatik bertatik abiatuko dira helduak 16:00etan. Ordu berean, baina Fortaleza jatetxetik abiatuko da Gazteen Mailako lasterketa.
Sari banaketa 18:30ean egingo dute, baita merienda ere parte hartzaile guztiekin. Azken horiek Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzan egingo dituzte, —Errenteria-Oreretako Juan Olazabal kalea 23—.
Lasterketan parte hartzeko hainbat betebehar nabarmendu ditu Urdaburuk. Beharrezkoa izango dute kaskoa eta betaurrekoak erabiltzea, baita rollerski klasikoak erabiltzea antirretorno gurpil batekin gutxienez. Korrikalariak gainera, federatuak egon beharko dute, eta antolatzaileek ez dituzte bere gain hartuko lasterketan zehar izan edo eragin daitezkeen lesio edo kalteak.
Parte hartzeko izena eman behar da Urdaburu elkartean, bulegora joanda edo telefonoz honako zenbakietara deituta, 943 52 78 79 edo 686 59 67 32, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00ak arte.
Posta elektronikoz ere eman daiteke izena. Horretarako egin klik hemen. Izena ematerakoan, izen-abizenak, jaiotze data, eta elkartea zehaztu beharko da.
