Aritz Araneta, bikain Munduko Kopan
Pasaia Kayakeko kidea hamabigarren postuan sailkatu zen Madeiran (Portugal) lehiatutako proban. Klubeko kide batek Munduko Kopa batean lortutako postu onena erdietsi du Aranetak.
Aritz Araneta (lehenengoa ezkerretik hasita) Euskal Selekzioko beste bi kiderekin. Aritz Araneta bikain ibili da Madeiran (Portugal) lehiatu den Itsas Kayakeko Munduko Kopan. Pasaia Kayakeko kidea nazioarteko itsas kayakeko proba garrantzitsuenetako batean izan da Euskal Selekzioarekin, denboraldian zehar emaitza onak lortu ondoren.
Araneta gizonen maila nagusian lehiatu zen, Europako “espezialista onenetako” askorekin batera, eta klubak adierazi du pasaitarra “lotsarik gabe” moldatzen dela modalitate horretan. Pasaia Kayakeko kideak 29 kilometroko proba “gogorrari” egin zion aurre, eta hamabigarren postuan sailkatu zen, lehenengo hamarretatik gertu, soilik bi minutura.
Proba hasieran aldeko olaturik izan ez zuela jakinarazi du klubak, baina haizea sartu zenean, pasaitarrak bere “abilezia” erakutsi zuela esan dute. Haize olatuen artean hainbat postu irabazi zituen Aranetak, eta hamabigarren izan zen bi ordu, lau minutu eta hogeita hamabost segundoko denbora markatuz.
Pasaia Kayakek nabarmendu du Aranetak bukaera “bikaina” eman diola denboraldiari, orain arte klubeko kide batek Munduko Kopa batean lortu duen “postu onena erdietsiz”. Klubak gaineratu du Espainiako Txapelketan ez izatearen “arantza kendu” duela pasaitarrak, “Pasaia Kayak Euskal Selekzioaren bidez mundu osoaren aurrean ezagutaraziz”.
