Lobato hustu du Ertzaintzak
Despliege zabala egin du Ertzaintzak 08:45 aldera Lobato etxe okupatuaren inguruan. Bertan bizi direnak liskarrik gabe aterarazi dituzte.
Goizeko lehen orduetan heldu da Ertzaintza Lezoko Lobato Etxearen parera. Deigarria izan da poliziaren presentzia, sei furgoneta eta hainbat auto bertaratu baitira etxe okupatua hustu asmoz. Ertzaintza etxera sartu da eta HITZAk ikusi ahal izan duenez hainbat pertsona aterarazi dituzte eraikinetik. Euren ondasunak ateratzen ari dira bertan bizi direnak. Tamaina handiko gailuak (etxeko tresnak eta horrelakoak) ateratzeko aukera ere eman diete bertakoei; horiek etxearen ondoan uzteko aukera dute, lekualdatzea egin bitartean. Gailu horiek jasoko ez balira, Lezoko Udalaren pabiloi batera eramango dituzte Brigadako langileek; han tarte batez gorde, eta erreklamatuak ez badira, birziklatzera eramango dituzte.
HITZAk jakin ahal izan duenez, gaur bertan hasiko dira Lobato eraisteko lanak, behin hustea gauzatzen denean. Jada ingurua hesitzen ari dira eraisteari ekiteko. Lezoko Udaleko iturriek adierazi dute Lobaton bizi direnetako inor ez dela kalean geldituko, Gizarte Zerbitzuen bitartez laguntza jaso ahal izango dutelako.
Eraikinean bizi zirenetako batek Lobato atarian bertan esandakoaren arabera, goizeko hustea “legez kanpokoa” izan da, “aurrez abisurik izan ez delako”.
Uztailaren 27an bukatzen zitzaien, berez, Lobato Etxean bizi zirenek hura borondatez husteko epea. Ertzaintza eraikina husteko saiakera egiten saiatu zen orduan. Orduko hartan, bertan erroldatuta zeuden bi pertsonetako batek Lezoko Udalaren laguntza onartu zuen, eta udal erakundeak erraztutako etxebizitza batean bizitzen hasi zen behin-behinekoz. Uztailean Lobato ez zuten hustu, eta pertsona hori etxe okupatura itzuli zen bizitzera.
Une honetan Lobato Etxea hutsik da, eta Ertzaintza ere ari da bertatik aldentzen.
1922tik da zutik Lobato. Eskuila, erratz eta brotxa fabrika izan zen, eta bertako langileak emakumeak izan ziren batez ere. 1972an itxi zituen lantegiak ateak. XX. mendearen bukaeran okupatu zuten, eta ordutik sortzaile zein kolektibo askorentzako kabi bilakatu da. Hainbat kide bizi dira egun bertan.