Palestinari elkartasuna erakustera deitu dute
Orereta Palestinarekin Herri dinamika sortu berriak deitu du elkarretaratzera Zumardian ostiralean 19:00etan.
Zaila dirudien arren, egunetik egunera ari da okertzen, are gehiago, Palestinaren egoera. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute ostiralean Errenteria-Oreretan. Palestina askatu. Israel hiltzaile, Europa laguntzaile lelopean egingo dute protesta Zumardian 19:00etan. “Palestinarekin elkartasuna adieraztearekin batera, Israelen jarrera genozida salatuko dugu, bita Europa erakusten ari den konplizitatea ere”, azaldu dute deitzaileek.
Orereta Palestinarekin Herri dinamikak antolatu du elkartasun eta salaketa protesta hori. Sortu berria da dinamika udalerrian: “Israelen basakeria eta Europaren konplizitatea kezkaz bizi dugun norbanakoz osatutako taldea da. Ibilbidea hasi berritan, ezinbestekoa iruditzen zaigu indarrak metatzea Israelen basakeria eta Palestina errotik ezabatzeko abiatu duen genozidioa geldiarazteko”. Hori horrela, kezka bera partekatu eta dinamikan ekarpena egin nahi duen herritar oro dinamikarekin bat egitera deitu du herritar talde horrek. Hurrengo hitzorduaren berri ere eman du: hilaren 24an, asteartea egingo dute bilera 19:30ean Gaztañoko Bukagaitz elkartean.
Palestinako banderak eta zapiak
Orereta Palestinarekin Herri dinamikak herritar guztiak deitu ditu ostiraleko elkarretaratzean parte hartzera, “Palestinari elkartasuna erakutsi eta Israel zein Europaren jarrera salatzeko”. bertaratuko direnei, gainera, ahal dela, Palestinako bandera eta palestinar zapiak soinean eramateko eskatu diete.
Mezu bera zabaldu dute Palestinarekiko elkartasun uholdea sortzeko: “Balkoi eta leihoetan Palestinako banderak jartzeko eskatu nahi diegu herritarrei”.