Kalabazaren bideak, han-hemenka zabalduko du izu-ikara
Hilaren 31n, asteartearekin, egingo dute Gau Beltza, eta herritar orori egin diote gonbidapena parte hartzeko.
Gau Beltza antolatu du aurten ere Orereta Ikastolak. Ez da bakarrik aritu, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean ondu du herriko txokoak beldurrez beteko dituen festa: Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, Amulleta Danborraren Kofradia, Ereintza Dantza taldea, Herri arte Eskola, Urdaburu Mendizale elkartea, Xenpelar AEK, eta Gaztañoko auzo elkartea.
Hilaren 31n, asteartearekin, egingo dute Gau Beltza, eta herritar orori egin diote gonbidapena parte hartzeko. Parte hartzeko hainbat modu proposatu ditu Orereta Ikastolak. Kalabazaren bidea eginez. Horretarako etxeko trapu eta arropa zaharrekin mozorrotuta joateko eskatu dute ahal dela, eta hainbat ideia eman (ikusteko klik egin hemen). Kalabaza pastela egitea da beste aukera parte hartzeko. Horiek 19:00etan jasoko dituzte Agirre Lehendakariaren plazan eta bidearen amaieran jango dituzte elkarrekin (Errezeta ikusi hemen).
Beldurrak paper batean idaztea da beste aukera, festaren amaieran Izuen Eltzean erretzeko. Etxea eta ingurua apaintzea ere balekoa da; kalabazekin, kriseiluekin, oihal zuriekin. (Horretarako hainbat proposamen hemen).
Azkenik, ingurukoak festan parte hartzera gonbidatzea da beste aukera.
Kalabazaren bidea
Santa Klara kaletik abiatuko da 19:30ean Kalabazaren Bidea, eta herriko hainbat kale zeharkatuta, ordubetera Agirre Lehendakariaren plazan bukatuko da sorpresaz beteta datorren bidea. Kalabazaren gurdiarekin, Kuiandererekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzaz zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean egingo dute, mozorrotuta, uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea.
Ibilbidean zehar hainbat ikuskizun egingo dituzte; Agirre Lehendakariaren plazan ere egingo dituzte, eta horiek bukatuta, suzko zezenaren jirabirekin Beldurraren Etzean izuak erre eta kalabaza pastelak jan bitartean bukatuko da festa.
Beldurrezko mikroipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa
Bosgarrenez, Beldurrezko mikroiupuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatu dute Gau Beltza eta Euskararen Eguna (abenduak 3) lotzeko. Errenteria-Oreretako DBHko ikasleek eta 16 urtetik gorako beste edozein herritarrek ere parte har dezake. Lanak, abenduaren 1era arte aurkezteko aukera izango da, eta irabazleen izenak, San Tomas-Neguko Solstizio egunean, abenduaren 21ean, jakinaraziko dituzte.