Errenteria Top Fighters txapelketaren laugarrena, igandean
Txapelketaren laugarren ekitaldia hartuko du igandean Agustina Otaola pilotalekuak 17:00etan hasita. Antolaketan, Kenthai kluba.
Errenteria Top Fighters txapelketaren laugarren ekitaldia hartuko du igandean Agustina Otaola pilotalekuak 17:00etan hasita. Antolaketan, Kenthai kluba. Gaur aurkeztu ditu xehetasun guztiak klubeko arduraduna den Alberto Lopezek. Ondoan izan ditu, halaber, txapelketan parte hartuko duten Aratz Garmendia, Jes Castro, Aitzol Galfarsoro eta Darek Laaroussik. Leire Mazizior Kirol zinegotziak ere ez du hutsik egin gaurko agerraldian.
Hamabost konbate izango dira, amateur eta profesionalak, eta horietatik zortzi KickBoxing eta K1 diziplinetakoak izango dira eta beste zazpiak MMA modalitatekoak, arte martzial mistoak, alegia. Lau ekitaldietako inoizko tokiko borrokalari gehien ariko dira oktogonoan, hala azaldu du Lopezek, “11 konbate amateurrak izango dira, eta lau profesionalak. Zortzi borrokalari ariko dira, eta horietatik hiru bertakoak. Inoiz baino tokiko emakume gehiago izango ditugu aurten ere borrokatzen”.
Oktogono edo kaiola barruan diziplina horietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan antolatzen den txapelketa bakarrenetakoa da Errenteria-Oreretak igandean hartuko duena, eta hura ikustera gerturatzera animatu ditu herritarrak Lopezek, “ikuskizun ikaragarria izango da, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu ikustera etortzera”. Esker ona, bestalde, udalari “erakutsitako babesagatik” baita laguntzaile guztiei ere, “eta nola ez, aurreko hiru ekitaldietan zein igandekoan pilotalekura gerturatu eta beteko duten herritarrei euren babesarengatik, eta urtetik urtera handiagoa egiteagatik”.
Sarrerak Iratxo tabernan, Traxx Estetika zentroan eta Kenthai klubean bertan eskuratu daitezke 20 euroan aurretik, edota 25 euroan txapelketaren egunean bertan pilotalekuko leihatilan. Sarrerak harmaila zein aulkirako balio dute.
Aratz Garmendia da igandeko txapelketan parte hartuko duen borrokalarietako bat. Igandekoa azken borroka izango du profesional gisa, “Espainia mailan, aktiboan konbate gehien dituen borrokalaria da”. 300 borrokaldi ditu soinean, Kenthaiko kideak eta egun MMA borrokalarien eta haurren entrenatzaile lanetan ere dabilenak klub horretan, “agurra izango da igandeko txapelketa”.
Jes Castro mexikarrak ere kaiolan hartuko dio neurria arerioari, lehenengoz. Bi urte dira Kenthai klubean hasi zela eta Lopezek zein Garmendiak duen entrega eta borrokarako dohainak nabarmendu dituzte: “Debuta oso diziplina gogorrean egingo du MMA Striking modalitatean ariko da eta argi dago txapelketan saltsa jarriko duela. oso konbate erakargarria da”. Castrok egiten duen modalitatea “eleganteena eta politena” den zalantzarik ez du Garmendiak, “gizonen %90 ez gara ausartzen parte hartzen, MMAren atalik gogorrena delako, izan ere oinazearen alderdi guztia hartzen du”.
Castrok berak azaldu du MMA Strikingean lantzen dutena, “goiko aldea erabiltzen dugu gehien, eta boxeoa, ostikoak erabiltzen ditugu. Lurrera erortzen bagara, altxa eta jarraitu egiten dugu borrokaldiarekin, eta horrek dinamismo handia ematen dio borrokaldiari. Erorketa berez gogorra bada, gure modalitatean lurretik altxa eta jarraitu egin behar dugu”. Pozik azaldu da debuta egiteko aukera eman diotelako, “nire buruarekin konfiantza izaten erakutsi dit Albertok (Lopez), borrokan aritu naitekeela sinistarazi dit, serio hartu dut eta gogor ari naiz entrenatzen azken urte honetan. Prozesuaz gozatzen ari naiz”.
Txapelketarako prestaketak zer suposatzen dien galdetuta, txantxetan erantzun du Garmendiak intentsitateari neurria hartzeko moduan, “dibortzioa ia kostatzen zaigu”. Lopezek gehitu duenez, “alderdi teknikoa, tatamiko entrenamendua, eta entrenamendu fisikoa egiten dute. Txapelketa heltzen denean, egun osoa ematen dute hori buruan. Bada jendea lau orduko entrenamenduak egiten dituena egunean”.
Aitzol Galfarsoro, Kenthaikoa eta herriko borrokalaria da. Kickboxing modalitatean aritzen da bera. Arte martzialen, kickboxinga edota lantzen dituzten diziplinek duten “prentsa txarra” hizpide izan du, “jende askok uste du makarren kontua dela edota biolentoa dela. Finean, ohorea eta arerioarekiko errespetua ikaragarria da eta nabarmendu nahi dut”.
26 borrokalari
Kenthai klubak oraintxe 26 borrokalari ditu eta horietatik sei dira emakumeak, lehian ari direnak. Arte martzial mistoetako kluba da Gabierrota auzoan egoitza duena eta hainbat diziplina lantzen ditu Lopezek azaldu duenez, ” konpetizioei begira, berriz, kickboxing, K-1, take boxing, MMA eta Jujitsun aritzen gara”.
Maziziorrek eskerrak eman dizkie egiten duten lanarengatik eta aitortu du “gogotsu” dagoela konbateak ikusteko igandean. Amaitzeko herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera, “orain arte ez dugu aurkitu inor txapelketa ikustera etorri eta errepikatu ez duenik”.