Azaroaren 4ko manifestaziorako autobus txartelak salgai
Arkaitzan, Xenpelar AEKn eta Orereta Ikastolako bulegoetan eros daitezke.
Azkenaldiko euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldia dela-eta, azaroaren 4an Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak deituta manifestazioa egingo dute Euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin. Euskalduna Jauregitik abiatuko da manifestazioa 17:00etan.
Manifestaziora joateko autobus txartelak salgai jarri dituzte jada. Arkaitza tabernan, Xenpelar AEK euskaltegian eta Orereta Ikastolaren Esmalteria eta Añabitarteko bulegoetan eskura daitezke. Pentsiodun, langabe eta adin txikikoen txartelak 8 euro balio ditu, gainerakoenak, 13 euro.
Herri argazkia
Bestalde, gogorarazi dute euskarari zein manifestazioari babesa emateko, herri argazkia egiteko deia zabaldu du Errenteria-Oreretako euskalgintzak. Ostegunean izango da hori, hilak 26, 19:00etan Herriko plazan.
Udalerriko euskalgintzak pertsona eta kolektibo guztiei dei egin die oldarraldiaren aurrean argazkiarekin zein Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egitera.