Larrialdi klimatikoaren gaineko mozioa aurkeztu du PSE-EEk
Aurreko agintaldian onartutako larrialdi klimatikoaren adierazpenean jasotako konpromisoak betetzeko eskatu du PSE-EEk.

Mozioa aurkeztu du Lezoko PSE-EEk. Bertan, aurreko agintaldian onartutako larrialdi klimatikoaren adierazpenean jasotako konpromisoak betetzeko eskatu du. “Mozio hori alderdi sozialistak aurkeztu zuen 2019an eta aho batez onartu zen”, azaldu du Joxean Sanchez PSE-EEren zinegotziak.
Komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean zehaztu ditu jasotako neurrietako batzuk. Hala, klima aldaketaren aurkako eta energia efizientziaren aldeko udal plan bat egitea, edota udalerria iraunkortasun energetikoaren gaineko 4/2019 Legera egokitzea aipatu ditu Sanchezek: “Helburua udalerria klima aldaketara egokitzea zen, baita ingurune naturalaren eta hiri ingurunearen kudeaketa integrala egitea ere,. eremu degradatuak berreskuratzea sustatuz”.
Bide orri horren adibide jarri ditu sozialistak Lopene auzoaren inguruko erreken naturalizazioa, edo Jaizkibel mendian egindako baso berritze lanak.
Mozioan gainera, udalerriko “eremu grisak” birnaturalizatzea, eta bero-bolada garaian babesleku klimatiko gisa balio dezaketen espazioak herritarren eskura jartzea “beharrezkotzat” jo du. “Gobernu taldeari eskatzen diogu ez dezala alde batera utzi, dirudienez asmoa hori baita, klima aldaketaren aurkako eta energia efizientziaren aldeko udal plana egitea”.
Aurrekoez gain, beste neurri sorta ere proposatu du PSE-EEren ordezkariak: auzo bakoitzean haur parke bat estaltzea, Euskal Herria plazatik hasita; ikastetxeetako jolastokian eraldatzea eremu inklusibo, iraunkor eta naturalizatuagoak izan daitezen; Altamirako parkea leheneratzea eta berreskuratzea udalerriko birika berde bihurtzeko; eta Oarsoaldea Garapen Agentziak jada egina duen industrialdeak naturalizatzeko plana abiatzea.