LGTBI+ Politiken Aholku Kontseiluak azaroan hasiko du bidea
LGTBI+ politiken inguruan hausnartu, iritziak trukatu, eta lankidetzan aritzeko udalaren eta herritarren arteko topagunea izango da.
LGTBI+ politiketan urratsa bat gehiago Errenteriako Udalak egin duena. Hurrengo hilabetean abiatuko du bidea LGTBI+Politiken Aholku Kontseiluak, LGTBI+ pertsonek egindako eskaerari eta udalak urtea amaitu aurretik kontseiluaren lehen bilkura egiteko hartutako konpromisoari erantzunez.
Eratu dute beraz kontseilua, eta lehen bilera, berriz, azaroaren 8an izango da. Ezinbestekoa, eta zalantzarik gabe LGTBI+ pertsonen eta kolektiboaren bizi baldintzak hobetzeko tresna izango denak bidea abiatuko du beraz. LGTBI+ politiken inguruan hausnartu, iritziak trukatu, eta lankidetzan aritzeko udalaren eta herritarren arteko topagunea izango dela esan du udalak, “LGTBI+ politiken alde lan egin nahi duten herritar, talde, nahiz elkarteek izango dute bertaratzeko aukera. Parte hartzean oinarritutako organo hau arduratuko da Errenteriako LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko ekintza planaren jarraipena egin, garapena bermatu, eta udalari politika horien diseinuan aholku emateaz”.
Kontseiluaren bitartez herriko LGTBI+ pertsonen parte hartzea, ahalduntzea eta erreferentzialtasuna bultzatzeaz gain, LGTBI+ pertsona eta eragile sozialen sarea sustatzea helburu duela gaineratu du udalak, “parte hartzaileek, halaber, LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko ekimenak eta proiektuak proposatzeko aukera izango dute bertan”.
Bilera, lehenengoa, azaroaren 8an, beraz, 18:00etan udaletxeko gela handian. Parte hartzeko eskaera orria bete behar da, (horretarako egin klik hemen) edo Zu! Zure Udala arreta zerbitzura eskaera aurkeztu.
Informazio gehiago jasotzeko egin klik hemen.