Baraua egingo du Jesus Mari Etxeberria 'Goierrik', Palestinaren alde
Egun beteko baraua egingo dute hainbat euskal presok Palestinarekin elkartasunez.
Hainbat euskal presok egun beteko baraua egingo dute, ostiralean, Palestinarekin elkartasunez. Argiak protesta egingo duten euskal presoen gutuna zabaldu du. Sinatzaileen artean, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea Goierri, euskal preso oreretarra aurkitzen da.
Gutunean emakume zein gizon palestinarrek hamarkadak daramatzatela okupazio sionistak eragindako bortizkeria jasaten salatu dute, “haien etxeetatik indarrez kanporatuak, eta lekualdatzera behartuak, haien hiri zein herriak suntsituak; espetxeratuak, torturatuak, bortxatuak, erailak… izanez. Estatu sionista terrorista honek buruturiko politika genozida horren erakusgarri ditugu, egun hauetan mundu osoak ikusi ahal izan dituen Gazan eragindako sarraski eta izualdiak”.
Hori horrela, Palestinako herriarekiko elkartasunez “herri zapalduen defentsarako eskubideen zilegitasuna aldarrikatuz”, gutuna sinatu duten 20 euskal presoek baraua egingo dutela ostiralean, hilak 27, jakinarazi dute.
