Ameztiren basolana Epertxo eta Arkirun inguruan
Udan hasi ziren lanekin, eta udazken zein neguan jarraipena izango dute. Auzolanetan nahi duen orok parte har dezake.
Amezti taldea bertako basoa berreskuratzeko hainbat lan egiten ari da Epertxoko eta Arkirungo lur sailetan, auzolanean. Izan ere, bertan hazkunde azkarreko espezie arrotzek euren lekua egin dute azken 30 urteetan, baina horiek ahultzen doazenez, eta bertako landareek argi gehiago izan dezaten, kimaketak, ebaketak, eraztunketak eta deserrotzeak egiten ari dira. “Lan horiek egin ahal izateko Ameztik baimena eskatu zien bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako zuzendaritzari, bai Lezoko Udalari. Iazko azaroan eta abenduan bi erakundeek txosten bana idatzi zuten, egindako eskaerak bertako basoaren kontserbazioarekin bat egiten dutenez lan horiek baimentzeko”, zehaztu dute taldekideek.
Lan horiekin kanpoko espeziek bakantzen joango dira. Espezie arrotz horiek haritz amerikarra (Quercus rubra), Lawson zipresa (Chamaecyparis lawsoniana), eta gaztainondo japoniarra (Castanea crenata) dira. Bakantzea eginda, bertako espezieak indartuko dira. Udan hasi ziren lanekin, eta udazkenean nahiz neguan jarraipena izango dute. Auzolana da Ameztiren izaeraren ardatzetakoa, hortaz, egin beharrekoetan parte hartzeko aukera du nahi duen orok. Hori egiteko taldearekin harremana besterik ez dute egin behar interesdunek haien posta elektronikoaren bidez, edo zuzenean kideren batekin hitz eginda.
Horren harira, eta Xoxolur Mendi Klunarekin elkarlanean, Euskararen Haziak izenpeko mendi txangoa antolatu dute abenduaren 3rako, Euskararen Egunerako (igandea da). Jaizkibeldik egingo dute ibilbidea, eta helburua izango da bertako ameztia berreskuratzeko garrantziaz jabetzea.
Aurrekariak
Ameztikoek zehaztu dute Epertxoko eta Arkirun Jaizkibelgo Babes Bereziko Eremuan daudela, “eta, ondorioz, kontserbazio neurrien helburuetan sail horietan hariztia eta ameztia berreskuratzea jasotzen da”.
Helburu horrekin, birlandaketak egin zituzten bertan lezoarrek duela 30 urte. “Zoritxarrez, hazkunde azkarreko espezie arrotzek arriskuan jarri dute bertako espezieen berreskurapena. Izan ere, garai hartan auzolanean landaturiko interes bereziko eta babesturiko hainbat espezie, besteak beste, haritzak (Quercus robur), ametzak (Quercus pyrenaica), arteak (Quercus ilex), artelatzak (Quercus suber), gorostiak (Ilex aquifolium), basaudareak (Pyrus pyraster) eta gurbitzak (Arbutus unedo), espezie aloktonoen menpe geratzen joan dira. Itzalean geratuta itotzen ari da bertako landaretza, pixkanaka galtzen, eta urte hauetan guztietan zuhaitz gutxi batzuek aurrera egin arren, egun galbidean daude”.