Euskararen kontrako oldarraldia: lehen autobusa bete dute Oiartzunen
Larunbateko Bilboko manifestaziora joateko zerrendak ostegunera arte izango dira jarrita Elizalden, Haurtzaron, AEKn eta Kastron.
Jendetza espero da larunbaterako Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan (Euskaldunatik, 17:00etan). Hala izan behar du. Izan ere, haserrea besterik ez dute eragin epaitegietatik euskararen normalizazioaren kontra hartzen ari diren ebazpenek. Oiartzunen ere kezka, ezinegona eta amorrua nabariak dira. Horren seinale da Bilbora joateko lehen autobusa jada bete dela, eta bigarrenaren eta behar diren guztien bila doazela.
Autobusak antolatu dituztenek jakinarazi dute ostegunera arte izango direla herriko zerrendak jarrita. Izen ematea lau tokitan egin daiteke: Elizalde Herri Eskolan, Haurtzaro Ikastolan, Intxixu AEKn eta Kastro tabernan. Beraz, bizkor ibiltzeko eskatu diete martxara joan nahi dutenei.
Autobusak larunbateko 15:00etan aterako dira Ikastolako parkinetik. Pentsiodunek, langabeek eta adin txikikoek 7 euro ordaindu behar dituzte joan-etorriagatik; gainontzekoek 10. Izena ematerakoan egin behar da ordainketa.