Oiartzungo Udalak prest du 2023-2027 legegintzaldiko programa
Datozen lau urteetan lehentasunez landuko dituzten helburu estrategikoak eta garatuko dituzten egitasmoak definitu dituzte. Elkarlan publiko-komunitarioa izango da oiartzuar guztien bizitza hobetzeko oinarria.
Ekainaren 17an eratu zen udalbatza berria, eta legegintzaldiko lehen hilabeteetan 2023-2027 urteen artean gauzatuko den programa zehazten ibili da gobernu taldea. Datozen lau urteetan lehentasunez landuko dituzten helburu estrategikoak eta garatuko dituzten egitasmoak definitu dituzte.
Osatu duten gobernu plana 2023-2027 legegintzaldian Oiartzungo Udalaren jardunaren “iparrorratza” izango dela adierazi du udal erakundeak. Programa osatzerakoan oiartzuarren eta herriko eragileen “lehentasunak eta beharrak” oinarri izan dituztela jakinarazi dute. Horrez gain, 2027an zer-nolako Oiartzun izan nahi duten definitu dute eta horretarako herritarrekin batera jarraitu beharreko bide orria marraztu dute.
Oiartzuarrak muinean
Udalaren egitekoa oiartzuar guztien “bizitza hobetzea” dela zehaztu dute. Helburua herri “berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna” lortzea dela baietsi dute, eta horretarako “ezinbestekoa elkarlana” dela gaineratu dute; hau da, herritarrekin eta Oiartzungo eragile sozial eta agente ekonomikoekin batera “eskuz esku” lan egitea.
Udalean ohikoa den lanketa publiko-komunitarioan sakondu eta arlo gehiagotara zabaldu nahi dutela jakinarazi dute; hala nola, energia, mugikortasuna, ekonomia soziala eta elikadura. Horrez gain, herritarrekin lan egiteko “formula berriak” bilatu nahi dituztela aurreratu dute, “Oiartzunek dituen erronkak ez baitira soilik udalaren ekimenez lortuko”.
Orain artean udalaren eta herritarren arteko elkarlanari “hirugarren hanka bat” gehitu zaiola nabarmendu dute: ekonomia sozialeko agenteena (kooperatibak eta enpresa txikiak). Hiru zutabe horietan (udala, herritarrak eta agente ekonomikoak) oinarritutako elkarlan publiko-komunitarioa martxan jarriko diren egitasmoen euskarria izango dela adierazi du udal erakundeak. Udalaren baliabideak “mugatuak” direla jakitun, komunitatearekin “etengabeko lankidetza estuan” aritzea “ezinbestekoa” dela iritzi dio udalak, “indarrak batu eta elkarrekin ekiteko”.
Hiru lan lerro eta bost ildo estrategiko
“Garai nahasietan” aukerak sortu eta bide berriak irekitzen dira, eta “erronka globalei tokiko ekimenekin” erantzuteko plana osatu dute. Horren harira, bost izango dira Oiartzunen jorratuko diren ildo estrategikoak: elikadura burujabetza, energia burujabetza, mugikortasun jasangarria, osasuna eta zaintza eta kultura euskaraz. Horrez gain, datozen lau urteetako legegintzaldi plana hiru lan lerrotan banatu dute: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Egitasmo nagusiak, gainera, Oiartzungo Udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Herritarren proposamenak
Udalak jakinarazi du urrian zehar gauzatutako auzo bileretan egindako proposamenekin aberastu dutela 2023-2027 legegintzaldi plana. Orain, gainera, 2024ko udal aurrekontuak lehentasun horien arabera prestatzen ari direla jakinarazi dute.
Aurreikusitako proiektuak egikaritzeko udalaren egitura ere aldatu dutela baietsi dute: sail ezberdinetako zinegotzi eta teknikariekin koordinazio batzordeak osatu dituzte egitasmoen zehar lerrotasuna garatu eta jarraipena egiteko.