X. Azkue Memoriala, ostiraletik igandera
Organoa ardatz duen zikloak Errenteria-Orereta, Irun eta Oiartzun hartuko ditu azaroaren 3tik 5era. Orotara, hiru kontzertu, bisita gidatu bat eta hitzaldi bat ondu dituzte.
Jose Manuel Azkue organista oiartzuarrari eskainitako Azkue Memoriala kontzertu zikloa bueltan da hamargarren ekitaldia betetzeko. Aurtengo zikloa azaroaren 3tik 5era izango da, ostiraletik igandera, Errenteria-Oreretan, Irunen eta Oiartzunen.
Oiartzungo Organozaleak elkarteak antolatu du memoriala Errenteriako, Irungo eta Oiartzungo Udalekin eta Soinuenea Fundazioarekin elkarlanean, eta gaur goizean aurkeztu dituzte xehetasunak Irungo Udalean Oiartzungo Organozaleak-eko Antton Mendizabalek eta Joseba Zabaletak, Maite Gartzia Errenteriako Udaleko Kultura zinegotziak, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura zinegotziak, Jexux Olaziregi Oiartzungo Udaleko Kultura zinegotziak eta Oscar Rodriguez harmonium jotzaileak.
Azkue Memorialaren X. ekitaldian organoarekin eta harmoniumarekin jotako musikaz ikusiko dira Charles Chaplinen hiru film. Orotara, hiru kontzertu, bisita gidatu bat eta hitzaldi bat ondu dituzte, eta antolatzaileek nabarmendu dute organo munduko aditu eta zaleak biltzen dituztela.
Zikloa Errenteria-Oreretan hasiko da ostiralean (azaroak 3). Loic Mallie musikariak ‘Modern Times’ kontzertua eskainiko du Agustinen Komentuan, 19:00etan.
Larunbatean (azaroak 4) Irunek jasoko du lekukoa, eta bi ekitaldi antolatu dituzte Juncal parrokian. 11:30ean, organora bisita gidatu bat egingo da Ignacio Arakistainen eskutik. 20:00etan, aldiz, ‘City Lights’ kontzertua eskainiko du Loic Malliek.
Zikloa igandean bukatuko da (azaroak 5) eta azken geltokia Oiartzungo Landetxe eraikina izango da. 18:30ean aurkezpen labur bat gauzatuko dute, eta, ondoren, ‘Easy Street’ harmonium kontzertua eskainiko du Oscar Rodriguezek.
Zikloaren ekitaldi nagusiak ostiraletik igandera gauzatuko badira ere, antolatzaileek data horri aurrea hartuko diote, bihar (asteartea, hilak 31) hitzaldi bat ondu baitute Oiartzungo Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, 19:30ean. Denis Lacorre organogileak Oiartzungo San Esteban parrokiako ‘Cavaille-Coll Pere Et Fils’ organoari buruz egindako ikerketa aurkeztuko du.
Azkue Memoriala
Oiartzungo Organozaleak elkarteko Antton Mendizabalek eta Joseba Zabaletak adierazi dute Jose Manuel Azkuek “harreman berezia” izan zuela Oiartzungo, Irungo, Errenteria-Oreretako, Hondarribiko eta Donostiako organoekin. Hori dela eta, antolakuntzak jarduera guztiak organo horietara hedatu nahi izan dituela nabarmendu dute. Azkue Memoriala Oarso-Bidasoko udazkeneko organo zikloa bilakatu dela azpimarratu dute sustatzaileek.
Jose Manuel Azkue Oiartzunen jaio zen 1927an, eta 2008ko abenduaren 19an hil zen 81 urte zituela. Bere jarduera Euskal Herriko organisten historian “oso garrantzitsua” izan zela baietsi dute, eta haren oroimenez, Oiartzungo Udalak Jose Manuel Azkue Memoriala antolatzea erabaki zuen 2008an. Ziklo horrek organoaren balio artistiko eta historikoa agerian jarri nahi dituela jakinarazi dute, organo jotzaile handiei eta musikari gazteei entzuteko aukera emanez. 2016. urtetik aurrera, Oiartzungo Organozaleak elkarteak beregain hartu zuen zikloa antolatzeko ardura.