Martxan da Oarsoaldeko Eskola Kirola
Eskualdeko ikasleen erdia baino gehiago ari da aurten Eskola Kirolan parte hartzen. Horrez gain, aurrerapauso bat eman dute berdintasunerantz, eta Mindararekin batera, Eskola Kirol Egokituko programa abiatu dute.
Oarsoaldeko lau udalek martxan dute 24. urtez Eskola Kirolako programa, eta gaur goizean aurkeztu dituzte 2023-2024 ikasturteko xehetasunak eta datuak Lezoko Goiko plazan Eneritz Arruti Lezoko Udaleko Kirol zinegotziak, Leire Mazizior Errenteriako Udaleko Kirol zinegotziak, Edorta Fernandez Oiartzungo Udaleko Kirol zinegotziak eta Julen Rodriguez Pasaiako Udaleko Kirol zinegotziak.
Leire Maziziorrek aipatu du Eskola Kirolak “hazten” jarraitzen duela, azken urteetako “bilakaera paregabeari” eutsiz. Oarsoaldeko ikastetxeetako ikasleen %58a ari da aurten Eskola Kirola egiten. Orotara, 8 eta 12 urte arteko 1.409 ikasle ari dira kirolean eskualdean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 2.445 ikasleetatik erdiak baino gehiagok egiten du Eskola Kirola.
Datu horiek eskola orduetatik kanpo haur eta gazteek egiten dituzten jardueren artean Eskola Kirola “nagusi” bihurtzen dutela nabarmendu du Maziziorrek. Aurten 127 talde ari dira programan parte hartzen: 63 talde Errenteria-Oreretan, 31 Pasaian, 23 Oiartzunen eta 10 Lezon. Guztira, 72 entrenatzaile arduratzen dira talde horiek gidatzeaz. Entrenatzaile horietatik 29 emakumeak dira, eta 43 gizonak.
Urtetik urtera, nesken parte hartzea “gorantz” doala adierazi du Errenteriako Udaleko zinegotziak. Datuak kontuan hartuta, parte hartzaileen %35,5a neskak dira, eta %64,5a mutilak. Horrez gain, Eskola Kirolako jardueren %100a euskaraz egiten dela azpimarratu du Maziziorrek.
Mindararekin elkarlanean
Eskola Kirolaren “filosofia nagusia” kirol aniztasuna eta kirol hastapena direla adierazi du Edorta Fernandezek. Hori dela eta, programaren helburua da 8 eta 12 urte arteko neska-mutilek kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzea. “Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek”, esan du Fernandezek.
Oarsoaldeko lau udalek Eskola Kirolaren “aberastasunean” arreta jarri nahi dutela aitortu du Oiartzungo Udaleko Kirol zinegotziak. Horregatik, “aurrerapauso bat” eman dute “berdintasunerantz”, eta Mindara Elkartearekin batera Eskola Kirola Egokituko programa jarri dute martxan.
Azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Desgaitasunaren Arreta Ereduaren Garapena dela eta, Eskola Kirola Inklusiboko (EKI Estrategia) esku hartzeak gauzatu direla nabarmendu du Oiartzungo Udaleko Kirol zinegotziak. Estrategia horri esker, Eskola Kirolako eskaintzan desgaitasuna duten ikasleen “integrazioa eta inklusioa” sustatu direla aurreratu du Fernandezek.
Lehen saiakera haurra “bere-berezko” taldean txertatzea dela esan du Fernandezek, baina haurren ezaugarriengatik “ezinezkoa” den kasuetan Eskola Kirola aukera bat eskaini nahi zaie ikasle horiei. “Hutsune” hori garatzeko asmoz, sortu da Eskola Kirol Egokituko (EKI) programa. Programa horretan parte hartu nahi duten familiek ikastetxearen bidez egin behar dute izen-ematea.
EKI taldeek, astean bi saio
EKI taldeek astean bi saio izango dituztela jakinarazi du Edorta Fernandezek: bata aretoan, eta bestea uretan. Saio horiek Mindarako begiraleek gidatuko dituzte euren “esperientzia eta ezagutza” baliatuz. Astean zehar egingo dituzten saioez gain, ikasturtean zehar ere Eskola Kirolako larunbatetako hainbat jardueretan ere parte hartu ahal izango dute, euren “behar, nahi, baliabide eta aukeren” arabera. Parte hartze horietan gainontzeko haurrekin batera aritzea bilatuko da, “jarduera ezberdin baina seguru batekin” gozatzen duten bitartean.
Harremana elkarteekin
Aberastasun horren adierazgarri eskualdeko elkarteekin duten “harreman estua” nabarmendu du Julen Rodriguezek: “Eskola Kirolako jardunaldi bereziak antolatzeko orduan, euren gertutasuna eta laguntza paregabea izaten dugu ezagutza, instalakuntza eta material aldetik”. Rodriguezek azpimarratu du elkarteek “asko” eskertzen dietela beraiekin batera aritzea, eta udalentzat ere haien laguntza “ezinbestekoa” dela gaineratu du, “haurrek kirol desberdinak ezagutu eta proba ditzaten”.
Azkenik, Eskola Kirolako jardueretara joateko auto partikularra alde batera uzteko eta bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko ahalegina egiten dutela zehaztu du Eider Arrutik.