Aldarri feministez josiriko ostirala Antxon
Azaroaren 30eko greba lantzeko batzordeak pankarta tailerra egingo du 17:30ean. Ordubete beranduago, hitzaldia Bekoz Bekon.
Tindu feminista hartuko du Pasai Antxok bihar arratsaldean. 17:30erako pankarta tailerra deitu du Axular plazan —euriarekin, Kexaldin— hilaren 30eko greba feminista orokorra lantzen ari den herri batzordeak. Asmoa grebarako aldarri feministak sortu eta herria horiekin apaintzea da.
Ordubete beranduago, hitzaldia izango da Bekoz Beko elkartearen egoitzan. Sheroes Hangout proiektuko —azidoarekin erasoturiko emakumeek osaturiko taldea da— bi kide Pasaiara heldu berri dira, eta horiek euren testigantza ekarriko dute Antxora bihar.
Hitzaldiari eta emakume horiei buruzko xehetasun gehiago emango ditu hedabide honek bihar, eguerdian harrera instituzionala egingo baitiete udal ordezkariek Sheroes Hangout eta Bekoz Bekoko kideei. Elkarrizketa honetan gaiari buruzko xehetasunak eman zituen Izaskun Barbier elkarte feministako zuzendariak.