Teknologia librea eta ekonomia soziala, herritarrei zabalik ikastaro bidez
Hilaren 6an hasiko dira TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatu dituzten Torrekuako formazio saioak.
Torrekuaren hirugarren solairuak teknologia libreetan eta ekonomia sozialean trebatzeko ikastaroak jasoko ditu hilaren 6tik aurrera, hamar saiotan banatuta. Formazio saioak irekiak dira, eta TEKS elkarteak (Euskal Herrian teknologia libreak eta ekonomia soziala uztartuta lantzen dituzten enpresa eta eragileak saretzeko sortutako elkartea da) eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatu dituzte. Herrian, eskualdean eta Euskal Herrian ekonomia sozialaren ikuspegia txertatuta duen eta herritarren beharretan oinarritzen den teknologiaren erakusgarri izan nahi dute formazioek, eta saio teorikoak, praktikoak, esperimentalak eta proiektuen sozializazioan oinarritutakoak izango dira. Aurki egitekoak diren saio horiek (behean zerrenda), ordea, jarraipena izatea nahi dute, arloka sakondu daitekeelako horietan guztietan, parte hartzaileen edo nahi duten guztien interesen arabera. Gainera, horiek Torrekuaz gaindi egiteko aukera zabalik utzi dute antolatzaileek. Ikastaroko topaketak gidatuko dituztenak errenteriarrak izateari garrantzia eman diote.
Bost arlo lantzeko hamar saio izango dira Torrekuan horietarako egokituko duten hirugarren solairuak jasoko dituenak. Gaur aurkeztu dituzte horiek guztiak TEKSeko Maitena Urretabizkaia, Silvia Portela eta Mattin Solisek, nahiz Leire Mazizior Garapen Ekonomikorako zinegotziak. TEKSeko kideek azaldu dutenez, euren asmoa da formazioaren esparruan sakontzea, udalaren laguntzarekin.
Horrela, lehen hartu-emanerako, ekonomia soziala, software librea, hardware librea, garapen aurreratuak eta Teknologia denontzat izeneko arloak landuko dituztela azaldu dute gaurko agerraldian. “Teknologiaren formazioa garatzaileen ikuspegitik hasi eta edozein herritarren erabilera mailaraino zabalduz, eskaintza zabala izango da, euskaraz landutako ezagutzan oinarritua, eta hartzaile profil ezberdinei bideratua”. Hala nola, software garatzaileak; tokiko ekonomiako eragileak; enpresa eta erakundeetan erabaki teknologikoak hartu behar dituztenak; ikasle, irakasle eta ikastetxeak; eta “eguneroko bizitzan tresna teknologikoak erabiltzen dituzten herritarrei” egokitutako saioak dira ondu dituztenak: “Lanketa berezia egingo da arrakala digitala pairatzen duten herritarrak formatzeko, eta hezkuntzan eta gazteen artean teknologiaren erabilera arduratsuaren sustapena egiteko, horretarako bereziki garatuko den Teknologia denontzat ildoaren bitartez”.
Formazio saioetarako aurrez eman behar da izena. Atal bakoitzeko hamar bat laguneko taldeak osatzea dute helburu. Horietan izena emateko klik egin hemen.
IKASTAROAK (denak Torrekuako 3. solairuan dira)
- Ekonomia soziala: proiektuak eta tokiko garapena.
- Hilaren 6an, 18:00etatik 19:30era. Teknologia libreak eta ekonomia soziala lurraldea garatzeko ardatz izan daitezkeela azalduko du Talaois kooperatibako Beñat Irasuegi Ibarrak.
- Hilaren 22an, 10:00etatik 12:00etara. Etxepare Lizeoko ikasleek sortutako ordenagailuak konpontzeko kooperatibaren esperientzia Ilargikoop, Bernat Etxepare Lizeoko ikasleen kooperatibako kideen eskutik.
- Software librea: ezarpenak eta tresnak.
- Hilaren 13an, 15:30etik 18:30era. LineageOS Software librea telefonoetan ezartzeko tallerra, Skura kooperatibako Arkaitz Anzaren eskutik.
- Hilaren 24an, 17:00etatik 18:30era. Txikilinux eta beste sistema eragile libreak instalatzeko tailerra. Bernat Etxepare Lizeoa, Elkartenet eta Txikilinuxen garatzaileen eskutik.
- Hardware librea: robotika eta gailuak.
- Hilaren 17an, 15:30etik 19:30era. Anduino tailerra Ekhi Sanzek emana.
- Garapen aurreratuak: goi mailako kurtsoak.
- Hilaren 10ean, 16:30etik 19:30era. Kode bizia eta solasa saioa, Talaios kooperatibako Beñat Jimenez Bujandaren eskutik.
- Hilaren 27ko egun batean (data zehatza ez dute ezarri), 09:00etatik 14:00etara.
- Abenduaren 12an, 09:00etatik 14:00etara. Lavelen oinarriak, Talaios kooperatibako Isaac Carvajalek emana.
- Teknologia denontzat.
- Hilaren 9an, 17:00etatik 19:00etara, oinarrizko kontzeptuak. Orotariko herritarrentzat formazio saioa teknologia gailuak erabiltzeko. Skura kooperatibako Maitena Urretabizkaiak eta Silvia Portelak gidatuko dute.
- Abenduaren 4an, 17:00etatik 19:00etara, sakelako telefonoak. Skura kooperatibako Maitena Urretabizkaiak eta Silvia Portelak gidatuko dute.