Euskarari babesa erakutsi diote
Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, mozioa landu zuen Errenteriako udalbatzak joan den asteartean egindako plenoan.
Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, mozioa landu zuen Errenteriako udalbatzak joan den asteartean egindako plenoan. EH Bilduk, Elkarrekin errenteriak eta EAJ elkarrekin aurkeztu zuten mozioa eta aurrera egin zuen alderdi horien aldeko botoarekin, eta PSE-EE eta PPk kontra egin zuten.
EUDELek egindako adierazpenean oinarrituta egin zuten mozioa hiru alderdiek.
PPko Antonio Zubikoarentzat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren epaia ez da euskararen kontrako erasoa, “herritarrei lanerako sarbidea berdintasunean egitea oztopatzen dien arauen kontrako ebazpena da. Egia da euskarak errepresioa jasan duela, baina gaur gaurkoz ez da hori egoera, ez da beraz, errealitatea manipulatu behar. Belaunaldi gazteek normaltasun osoz bizi dute euskara, eta inposiziora heldu nahi dugu. Euskaraz egiten duena ez da egiten ez duena baino euskaldunagoa”.
Elkarrekin Errenteriako bozeramaile Maite Gartziak, bere aldetik epaitegietako ebazpena ez dutela inondik inora partekatzen esan zuen, “instituzioak herritarrekin edo euren artean euskaraz egiteagatik gaztelania alboratzen ari direla dio. Okerra da gure ustez interpretazio hori eta aurre egiten du bete betean euskal administrazioak euskara sustatzeko duen betebeharrarekin. Gutxi balitz Vox eta ultra eskuinaren pareko diskurtsoa egin du bere sententziak. Botere judizialak izan behar duen inpartzialtasunari muzin egin dio ebazpenak”.
Elixabete Muruak hartu zuen hitza ondoren EAJren izenean, “herritarrek administrazioarekin gure hizkuntzan aritzeko dugun eskubidearen kontra doazen ebazpen judizialak ohikoak bihurtzen ari dira. Herri honen nortasunaren eta eskubideen defentsan erabateko hizkuntz normalizazioa dugu helburu”. Gogora ekarri zuen, ez dela lehen aldia “euskara isilarazteko mekanismoak martxan jarri direna. Mende bat atzera egiten badugu hor ditugu Primo de Rivera eta bere erregimena, urte batzuk geroago frankismoa izan zen euskararen aurka aritu zena eta isilarazten saiatu zena. azken lau hamarkadetan egoerak hobera egin duela pentsa genezake, normalizazioaren bidean urratsak egin direla, baina batzuk lotsa galdu dute eta euskara isilarazteko bideari ekin diote berriro”.
Ebazpenek, Euskararen Legeak dioena zapuztu dutela esan zuen Muruak, “40 urteko bidea hankaz gora jarri dute, edo jarri nahi dute”. Euskararen kontra egindako ebazpen guztiak larritzat jo ditu Muruak, baina larriena joan den uztailean heldutakoa da haren ustetan: “Euskal udalek euskara lehentasunez erabili ahal izateko aukera Espainiaren konstituzioaren aurkakoa doala iritzi zuen”. Euskaldunak “bigarren mailako herritar” nahi dituztela erantsi zuen jeltzaleak, “bigarren mailako gure herrian”. Koldo Mitxelenaren hitzak ere ekarri zituen gogora, “funtsezko harremana dago hizkuntza eta herriaren artean”. Larunbateko manifestazioan izango dela EAJ esan zuen azkenik Muruak, eta gonbita luzatu herritar guztiei bat egiteko.
Gustuko izan gabe ere epaileen ebazpenenekiko “errespetua” eskatu zuen bere aldetik PSE-EEko Iñaki Ruizek. “Olatu atzerakoi” edo “euskarafoborik” ez duela ikusten alderdi sozialistak esan suen Ruizek halaber, hizkuntza eskubideen alde daudela eransteko ondoren, eta alderdi sozialista “ezinbesteko” izan dela euskarak aurrera urratsa egiteko, “hala ere hobetu beharrekoak daude, eta egungo errealitatera egokitu beharrekoak”. Horren harira euskararen erabileraren diagnostikoei erreparatu zien Ruizek, “izan ere ez dator bat euskararen erabilera ezagutza datuekin. Horren arrazoiak soseguz aztertu behar direla uste dugu, eta gaian adituak diren pertsonek eman behar dituzte arrazoiak”.
“Egoera larritasunez bizi dugu” horiek EH Bilduko Eñaut Gracia zinegotziaren interbentzioaren lehen hitzak, “erasoa da euskararen kontra eta tokiko erakundeen kontra. Erasoa, gizartean eta hainbat esparrutan kontsentsua zabala duen euskararen kontra. Diglosi egoera batean gaude, non hierarkikoki gailentzen den hizkuntza bat dagoen dela gaztelania, eta beste hizkuntza bat minorizatua dagoena, bata inposatzen da eta bestea hautazkoa da. Irakurketa hori egitea garrantzitsua da. Epaia onartzen bada bete betean joko du Euskararen Plan Estrategikoaren kontra”.
Gogora ekarri zuen Graciak, udalak erabaki bat hartu zuela “herritarrei lehen hitza euskaraz esatea”. Datu batzuk eman zituen ondoren: “Udalak 47.000 artatze egiten ditu, eta 20.000 gehiago telefonoz. Egia da esaten dena, euskararen ezagutza bat da eta erabilera beste bat; arreta zerbitzuan erabilera %15ekoa da”. Arreta hori euskaraz eginda baina, herritarra eroso sentitzen den hizkuntzan egitera gonbidatu nahi dugu, “izan ere, euskaldunak ohituta gaude bigarren mailako herritarrak izaten, bigarren mailako hizkuntza dugulako”.
Neurri positiboak hartu behar direla gaineratu zuen zinegotziak, “egiturazko desberdintasunak daudenean, garrantzitsua delako neurri positiboak hartzea. Hori da diglosiaren funtsa, epaiak kontuan hartzen ez duena. Gernikako Estatutuak onartzen digu euskaraz jakiteko eskubidea, Espainiako konstituzioak derrigortzen gaitu gaztelaniaz jakitera, hor dago diglosiaren oinarria, hor dago desoreka eta ezin da eztabaida hau egin hemen parametro sistemikoetan kokatzen ez bada. Hortxe dago gaztelaniaren inposizioa”.