Lore eskaintza 1936ko gerran fusilatutakoak gogoratzeko
Oiartzungo Udaleko bi talde politikoetako ordezkariek eta Kattin Txikiko kideek omenaldia egin zuten atzo hilerrian.
1936ko gerran fusilatutako herritarrak gogoratzeko lore eskaintza ekitaldia egin zuten atzo Oiartzungo Udaleko bi talde politikoek Domusantu Egunean, 36ko gerrako gudarien omenez Peña Gancheguik kanposantuan sortutako monumentuan.
Kattin Txikiko kideekin batera izan ziren Joana Mendiburu alkatea eta EH Bilduko Agustin Lekuona, Garazi Urdampilleta, Oihana Irastorza eta Aiako Harria Gaztelumendi zinegotziak eta EAJko Janire Mitxelena eta Rafael Bergaretxe zinegotziak.
Lore eskaintzarekin frankistek gerra garaian hildako oiartzuarrak eta bertan fusilatutako gipuzkoarrak gogoratzen ditu urtero udalak, memoria, justizia eta erreparaziorako.