«Ikuskak ez ditu film laburrak soilik jasotzen; herria egiten du»
Mende laurdena beteko du Ikuskak. Hilaren 11tik 18ra izango dira emanaldiak, eta sekula baino zailagoa izan zaie aurten hautaketa, kalitatea «asko» hobetu delako. 4.000tik gora lan jaso dituzte.
Film laburrak jasotzeko epea abuztuaren 31n itxi zenuten. Zer jaso duzue?
PEDRO ETXANIZ: Uztailetik aurrera hasten dira iristen gehienak. 4.000tik gora film labur jaso ditugu. Iaz arte 3.000tik gorakoa izan zen zifra, baina aurten 4.000ko langa pasa dugu.
Nabarmenduko nuke, batetik, zifra hori, eta bestetik, kalitatea; orobat oso altua izan da. Beste edizio batzuetan bazen gailentzen zen filmen bat, baina aurten esango nuke parekoago dabilela maila. Ez dago izar bat. Uste dut lan zaila izango duela epaimahaiak.
KIKE SANTIAGO: Niri atentzioa ematen dit zifrak berak. Esan nahi du hor kanpoan badela jendea film laburren munduan murgilduta dabilena, ikus-entzunezkoaren bidez istorioak kontatu nahian.
Aurten besteen artetik nabarmentzen den labur bat ez egoteak esan nahi du jendea lanketa bat egiten ari dela, eta kalitatea geroz eta altuagoa dela mundu horretan. Gatazkaz josirik dagoen mundu honetan, jende asko dago istorioak kontatzen ari dena film laburren bidez, eta horrek hunkitzen nau.
Nola antolatzen zarete hainbeste lanen artean filtrazioa egiteko?
ETXANIZ: Ni naiz iristen diren guztiak jaso eta lehen filtrazio bat egiten duena. Horrek ez du esan nahi, jakina, 4.000 film labur ikusten ditudanik, noski ezetz. Ikuskapen azkar bat egiten dut eta hortik banaketa bat egiten dut Hautaketa taldean.
Badira batzuk beren kabuz kanporatzen direnak, adibidez, ikusten hasi eta berehala argia, soinua, ahotsa… txarrak direlako. Badira lanak baztertzeko irizpide tekniko batzuk; eta lehen garbiketaren ondoren 600 labur ingururekin gelditzen gara.
Horien artean bigarren baheketa bat egin ohi dugu, eta aurten beste urteetan baino gutxiagorekin gelditu gara, 150 bat. Eta bertatik ateratzen ditugu, azkenean, Ikuskako atal desberdinak elikatzeko laburrak [56 izango dira aurten orotara]. Lehiaketara 26 joango dira.
Zein genero jasotzen duzue gehien?
ETXANIZ: Gehien-gehien drama, baina asko beldurrezkoak izan ohi dira, eta atal hori osatzea oso erraza izaten zaigu normalean. Umorezko atalarekin zailtasun gehixeago izan ohi ditugu!
SANTIAGO: Eta batzuetan badira beldurrezko gisa aurkezten dizkiguten film batzuk, osorik ikusi ondoren umorezko gisa sailkatuko genituzkeenak! [barrez].
Mende laurdena joan da Ikuska sortu zenetik. Nola hazi da ordutik?
ETXANIZ: Niri esan izan balidate 25 urte geroago Ikuskak bizirik jarraituko zuela, ziurtzat joko nuena izango zen nik, zuzendari gisa behintzat, ez nuela jarraituko. 25 urte? Ezta pentsatu ere!
SANTIAGO: Baina 25 urte daramatza gauza berbera esaten! [barrez].
ETXANIZ: Tira, behintzat zuzendari gisa. Zuzendaritza laguntzaile gisa oso ona naiz, baina zuzendari bezala…
Tira, hasierara: garai hartan, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiak film laburren atal oso on bat zuen, eta ni ohiko ikusle nintzen. Guggenheimera egindako irteera batean, lagun batzuei otu zitzaien: «Jo, sor genezake Trintxerpen film laburren festibal bat». Eta nik erantzun nien: «Baita zera ere! Nola egingo dugu guk horrelako zerbait?».
Bada, hori maiatzean izan zen, eta irailean bilera bat egin genuen, eta hala sortu zen Ikuska. Orduan lau katu ginen, eta orain ere jarraitzen dugu izaten, gutxi gorabehera… Nola aldatu den? Bada, lehen urtean 80 film jaso genituen, eta aurten 4.000 baino gehiago. Beraz, apur bat bai, aldatu da kontua.
SANTIAGO: Kontua da Ikuskak ez dituela film laburrak soilik jasotzen; herria ere egiten du. Bekoz Bekorekin elkarlana dago, Mintzagun atalarekin euskarari bultzada, orain Goienetxe Fundazioarekin hasiko gara lanean… Gure inguruko gizarte gatazken barruan ekarpena egiten du Ikuskak, film lehiaketaz harago.
ETXANIZ: Gure helburua beti izan da Pasaiako kulturari ekarpena egitea, jatea bezainbeste behar baitu kultura Pasaiak.
SANTIAGO: Festibal handi eta ospetsuek zein arazo dute askotan? Duten boterearekin, euren buruari mugak jartzen dizkiotela. Film laburren festibal bat izatera mugatzen dira; gizarte mailan ez dute plataforma hori erabiltzen jendartearen arazo eta gatazkak plazaratzeko. Ez dute hori festibalaren idiosinkrasian.
Pasaian, eta bereziki Trintxerpen, halako espazioak oso beharrezko ditugunez, lanketa handia egiten dugu zentzu horretan.
Zein esanahi du zuentzat festibalak?
ETXANIZ: Uf… Pasapalabra [hunkituta].
SANTIAGO: Ikuska kaleko elkarrizketak dira, jendeak kaletik gelditzen zaitu programa noiz aterako den galdetzeko. Hori guztia da Ikuska. Eta hori gure apustua.
Eta gustatuko litzaidake Pedro eta nik ikusi ahal izatea beste jende bat Ikuska zuzentzen. Gu ez garelako betierekoak. Eta, jakina, gu baino hobeak ez dira izango, hori ezinezkoa baita! [barrez]. Baina gustatuko litzaidake jende berria topatzea honi jarraipena emango diona.
ETXANIZ: Taberna batean bagina bigarren gin-tonicarekin, esango nizuke Ikuska dela etxetik alde egitea nahi dudan seme bat. Alde egitea nahi dut, baina ez doa.
Niretzako, Ikuska behar bat da Trintxerpe bezalako leku batean. Uste dut Ramon Trecet kazetariak zioela hau: «Kultura da salbatuko gaituen bakarra mundu zikin honetan». Eta ni bat nator. Kultura gure salbazioa da abandonatuta dagoen herri honetan.