Lezo tentsio handiko eremu izendatzea eskatu du PSE-EEk
Etxebizitzaren arazoari aurre egitea dela helburua dio alderdi sozialistaren zinegotzi Joxean Sanchezek.
Lezo tentsio handiko eremu izendatzea eskatzen duen mozioa aurkeztu du alderdi sozialistak. “Helburua, batez ere gazteei eragiten dien etxebizitzaren arazoari erantzuna ematea da”, esan du Joxean Sanchez zinegotziak.
Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremua izendatzea onartzeko ondoko bi baldintza hauetako bat bete behar da bederen: herritarren diru sarreren %30baino handiagoa behar du hipoteka edota alokairua ordaintzera bideratzen duten diru zatia; edota, etxebizitza erosketa prezioak edo alokairuaren prezioak azken bost urteetako KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana.
Alokairuen batez besteko prezioei erreferentzia egin die Sanchezek komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean: “Urteko lehen hiruhilekoan EAEn alokairuaren batez besteko prezioa 722 eurokoa izan zen, Donostialdea eta Behe Bidasoan 832 eurokoa, eta Lezon, berriz, 690 eurokoa Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera”.
Etxebizitzaren inguruan proposatutako neurri bakarra ez dela honakoa esan du, bestalde, “EH Bilduren gobernu taldeari hainbat neurri helarazi dizkio alderdi sozialistak: Hutsik dauden etxebizitzak alokairu ateratzea sustatzea Bizigune programaren bidez, urteko kanon bat jartzea etxebizitza huts horiei, edota babes ofizialeko etxebizitzen promozio berrietan, Olatzar eremukoa kasu, alokairuzkoak izatea. Egungo etxebizitza parkea birgaitzearen aldeko apustua egin behar da, halaber”.
Etxebizitza hutsei ezarri beharreko kanonaren gaineko proposamen zehatza ere egin du sozialistak: “Metro koadro erabilgarri bakoitzeko 10 euro. Diru hori udalerrian etxebizitza politiketara bideratzea proposatzen dugu, eta gainera, uste dugu hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzeko balioko dutela dagoen eskariari erantzuteko”.