Ondare Jardunaldiak, hilaren 8tik 25era
Oiartzungo Udalak eta Ondarearen Mahaiak herriko ondarea eta historia ezagutzera emateko jardunaldi ezberdinak antolatu dituzte bosgarrenez, doan.
Oiartzungo ondarea eta historia ezagutzera emateko jardunaldi ezberdinak antolatu dituzte bosgarren urtez Oiartzungo Udalak eta Ondarearen Mahaiak. Aurreko belaunaldiek utzitako kultur ondarea jaso, zaindu eta ondorengoei transmititzeko erakusketa eta ekitaldi ezberdinak ondu dituzte. Elena Zalakain Ondarearen Mahaiko kideak, Estanis Urdanpilleta eta Bixen Larzabal lihoan adituek eta Jexux Olaziregi Oiartzungo Udaleko Kultura zinegotziak topaketen xehetasunak eman dituzte.
Ondare Jardunaldiak hilaren 8tik 25era izango dira, doan. Hala ere, ekintza batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Izen-emateetarako helbide elektronikoa eta 943 49 45 21 telefonoa jarri dituzte interesdunen eskura.
Egitaraua
- Hilaren 8tik 16ra: Lihoaren prozesuaren erakusketa. Lihoa ehunean bihurtuz, Bixen eta Estanis omenduz.
Lihoa ehungintzan erabili zen lehenengo landare zuntza izan zen. Lanketa luzea, zaila eta gogorra izaten zen, eta normalean baserriko emakumeek egiten zuten lan hori. Urte luzez lan horretan aritu ziren Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilleta, eta lihoa lantzeko erabiltzen zituzten tresnen erakusketa ikusteko aukera egongo da. Erakusketa udaletxeko pleno aretoan dago, eta 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisita daiteke.
- Hilak 10: Liho erakusketako irekiera ekitaldia.
Lihoa zuntza izatetik arropa izatera bihurtzerainoko prozesua zein izaten zen eta erabiltzen ziren tresnak eta prozesua azalduko dituzte Bixen Larzabalek eta Estanis Urdanpilletak. Ekitaldia 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.
- Hilak 19: Arizmendieneako kaperako inskripzioen berrinterpretazioa serigrafia bidez.
Iaz Allende Arnaizek Atoz Pekataria proiektua ondo zuten Arizmendieneako kaperako inskripzioak oinarri hartuta. Emaitzak modu praktiko batean aurkeztu zituen Hitzen Lihoa ekimenean antolatutako tailerrean. Ondarearen jardunaldi horietan inskripzio horietako batekin osatutako beste bat estanpatuko dute. Horretarako, partaideek kamiseta, alkandora edo oihalezko euskarri bat ekartzera gonbidatu dituzte bertan obra horretako esaldi bat serigrafiatzeko.
Elena Zalakainekin Arizmendieneako kapera bisitatuko da tailerren ondotik. Kaperaren historiaren berri emango du eta jatorrizko inskripzioak ikusiko dira. Zalakain historiako irakasle izan da eta Arizmendieneako berreskuratze lanetan parte hartu zuten. Egun bisita gidatuak egiten ditu bertan.
Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. 10:30etik 13:30era izango da, Arizmendienean.
- Hilak 25: Oiartzuarron barrokoa.
Bi zati izango ditu Elena Zalakainek gidatutako saioak. Lehenengoan testuingurua eta protagonistak azalduko ditu: enkarguak egiten zituztenak, egileak edota lanbideak. Bigarren atalean ezaugarri artistikoak garatuko ditu.
Parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Jarduera 11:00etan izango da, Done Eztebe elizan.