Eguzki: Hondakinen zioa "kudeaketa negargarriaren ondorio" da
2015etik hondakinen gaikako bilketa 20 puntu apaldu izana "edukiontzien sistemaren kudeaketa negargarriaren ondorio" izan dela uste du Eguzkik.
Azken astean hautsak harrotu ditu Pasaian zerga eta tasen igoerak. Eguzki talde ekologistak irakurketa egin du gaiaren gainean, eta 2024rako kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzeari eskas iritzi diot: “Litekeena da nahikoa ez izatea”.
Pasaiako udal gobernuak argi adierazi du egunotan legegintzaldi honetan etxeko hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak derrigorrez hartu behar dituen Gipuzkoan herrietako bat dela Pasaia. Datuek berresten dute hori: 2022an hondakinen %48,97 baino ez zuen gaika bildu. Europar Batasunak, ordea, 2025erako udal hondakinak %55, gutxienez, birziklatzeko moduan bildu behar direla dio. Hori lortzetik urrunen dagoen gipuzkoar udalerrietako bat da Pasaia beraz.
Pasaiak, berez, gutxieneko hori orain dela ia hamar urte gainditu zuen. Izan ere, 2014an (EH Bilduko Amaia Agirregabiriaren agintaritzapean) etxeko hondakinen %57,4 bildu zen gaika. Are gehiago, hurrengo urtean, 2015ean, %69,99ra ere iritsi zen (urte hartan hartu zuen alkatetzaren erreleboa Izaskun Gomez sozialistak). Ordutik, honakoa izan da bilakaera:
2015ean, PSE-EEren gobernuak atez ateko bilketa bertan behera utzi zuten. Erabakia gaitzetsi du Eguzkik: “Gaur egun, inolako dudarik gabe, trumpistatzat joko genukeen kanpaina egin ondoren”. Azken urteotan hondakinen gaikako bilketa 20 puntu baino gehiago apaldu izana “edukiontzietan oinarritutako sistema berriaren kudeaketa negargarriaren ondorio” izan dela uste du Eguzkik.
Bereziki nabarmendu dute talde ekologistakoek esandako hori, edukiontzietan oinarritutako sistemek ez baitute zertan “Pasaiakoak bezain emaitza txarrik” izan. “Horren lekuko dira Gipuzkoako hamaika herrik edukiontzi sistemen bitartez lortzen dituzten emaitzak”.
Azken zortzi urteotako alkatea interpelatu dute zuzenean: “Geure buruari galdetzen diogu –maltzurki galdetu ere, aitor dezagun– ea hau ote den Foru Aldundiak Izaskun Gomez alkate ohiari aitortu dizkion merezimenduetako bat Ingurumen Administrazioaren zuzendari izendatzeko“.
San Marko eta Gipuzkoa mailan
Pasaia da San Markon gutxien birziklatzen duen hirugarren herria. Ozta-ozta gainditzen du San Markoren batez bestekoa. Nolanahi ere, Gipuzkoako gainerako herrien batez bestekotik (%57,39) oso urruti dago, 7,5 puntura.
Beraz, Pasaiako udal gobernuak egindako eguneraketa babestu du Eguzkik. “Legea beteko bada, gaikako bilketa hobetzeko neurriak berandu baino lehen hartu beharko dira”. Hala ere, hori bermatzeko neurri efektiboak galdegin ditu taldeak: “Kontzientziazio kanpainak lagungarriak izan daitezke, baina neurririk gabeko kontzientziazio-kanpainak propaganda baino ez dira, greenwashing”.