EH Bilduri topoa lurperatzeko "proposamen zehatza" eskatu dio PSE-EEk
Gaiaren gainean "seriotasuna" eskatu dio alderdi sozialistak EH Bilduri, eta "proposamen zehatza" aurkez dezan.
Topoa lurperatzeko proiektuari ekitea “lehentasunezkoa” jo du alderdi sozialistak. Isaac Palencia PSE-EEren bozeramailea kritiko azaldu da oso, haren esanetan EH Bilduk 2011. urtean alkatetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritza eskuratu zituenetik “geldituta” dagoelako proiektu hori: “EH Bilduk udalerria gobernatzen hasi zenetik, topoa lurperatzeko itxita zegoen proiektua eteteaz gain, urte hauetan guztietan ez dute proposamen seriorik egin gaiaren gainean. Errenteriak ezin du onartu lidergo falta hau hain garrantzitsua den proiektuarekiko”.
Atzera begirada egin dute sozialistek: “2021ean mozioa onartu zuen gobernu taldeak; topoa lurperatzeko proiektua inongo operazio urbanistikoari lotzeari uko egin zioten”. Horrek, proiektua “bideraezina” egiten du sozialisten hitzetan, “gobernu taldeari dagokio, beraz, proiektua nola finantzatu asmo duen azaltzea”.
Harago jo du Palenciak eta EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriari “hipokrisiaz” jokatzea leporatu die: “Ironikoki, badirudi hitza jan eta operazio urbanistikoren bat egitea onartu dutela lurperatzearen proiektua finantzatzeko. Seriotasuna eta ardura eskatzen dizkiogu EH Bilduri, eta aurkez dezala proposamen sendo eta bideragarria topoa lurperatzeko”.