Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu dute
Orereta Palestinarekin Herri dinamikak deitu du igande goizean elkarretaratzera Behobia-Donostia lasterketa herritik pasako den unean.
Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatua Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko hamaika ekintza egiten ari dira urriaren 7az geroztik han-hemenka. Elkartasun hori helarazten jarraitze aldera, protesta berri baten berri eman du Orereta Palestinarekin Herri dinamikak. Igandean izango da, hilaren 12an. Behobia-Donostia lasterketa entzutetsua udalerritik pasako dela baliatuta elkarretaratzera deitu du dinamikak.
Helburua, ibilbidearen zati bat bederen, Palestinaren aldeko aldarri, eta palestinar banderekin jostea da. “Palestina bizitzen ari den egoera larriaren aurrean” herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera eta elkartasuna zabaltzera, “genozidioa salatzearekin batera”.
Alabergako gasolindegian egin dute hitzordua, 10:00etan. Bertan izango dira Behobia-Donostia lasterketa pasatzen den bitartean.
Hildakoen kontadorea
Ez da Palestinaren aldeko herri dinamikak aste honetan egingo duen elkartasun eta salaketa keinu bakarra. Atzotik kontadore bat jarri dute Herriko Plazarako igoera maldan. Israelgo estatuak hil dituen palestinarren kopurua bildu du herri dinamikak kontadore horretara. Atzoko datuen arabera, 10.569 dira hildakoak jada Gazako zerrendan. Horietatik 4.324 haurrak dira, 2.823 emakumeak, eta 649 adinekoak. Zaurituak 26.475 dira, eta 2.550 desagertuta daude, tartean, 1.350 haur.
Hildakoen kopurua astero aldatuko dute: “Helburua Gazako sarraskiari, genozidio horri presentzia ematea da egunero. Hotza da zenbakietara ekartzea horietako bakoitzaren atzean, pertsonak daudelako. Horri begira, kontadorearen fondoan Israelek urriaz geroztik hildako ehunka haurren izenak azaltzen dira, baita hildako batzuen argazkiak ere”.
Deialdia egin du berriro dinamikak gainera, herritarrak taldera batu daitezen. Hurrengo bilera hilaren 14an egingo dute, asteartearekin, 19:30ean Gaztañoko Bukagaitz elkartean.