Papresak hondakin urak Loiolako araztegira bideratzen jarraituko duela salatu du Eguzkik
Errenteriako paper fabrikako hondakin urak zuzenean itsasora eramateko hustubidearen proiektua baliogabetu egin dutela jakinarazi du Eguzki talde ekologistak.
Hemezortzi urtez lanak eta kudeaketak egin ondoren, Papresako hondakin urak zuzenean itsasora eramateko hustubide proiektua baliogabetu egin dute. Hala jakinarazi du Eguzki talde ekologistak eta kezka azaldu gaiaren gainean. “Zur eta Lur” gelditu direla diote, eta erabaki horrek duen ondoriorik berehalakoena, “ur horiek Loiolako hondakin uren araztegira (HUA) iristen jarraitzen dutela eta iristen jarraituko dutela da”.
Eguzkik nabarmen jarri du araztegi horretan arazo ugari sortu direla ez direlako etxeko hondakin urak Papresarenak, “etengabe urratzen dute, hortaz, Añarbeko Uren Mankomunitatearen saneamenduari eta isurketei buruzko erregalamendua “. Harago jo du talde ekologistak Papresaren hondakin urek behin eta berriz urratzen dutela Añarbeko Urak Loiolako HUAko efluenteentzat—instalazio batek isurtzen duen hondakin ura— Kantauri itsasora isurtzeko duen baimena, “arrazoi hori medio erabaki zuen Añarbeko Urakek beharrezko zela paper fabrikako hondakin urak zuzenean Monpaseko hustubidera bideratzea, Loiolako araztegitik pasa gabe”.
Orain, proiektua zergatik utzi duten bertan behera jakiteko azalpen gehiagoren zain da Eguzki, “lehen balorazio batean zaila egiten zaigu ulertzea eta publikoki salatu nahi dugu erakunde publiko guztiak ados zeuden proiektu bat alperrik galtzea, diru publiko kopuru handia inbertitu denean. Horri, Papresak orain arte bezala sarera isurtzen jarraitu ahal izango duen jakiterik ez dela erantsi behar zaio”.