Adinekoen erorikoak prebenitzeko tailer bat egingo dute
Donibaneko Aitona-amonen Aterpeak antolatuta, asteazkenean adinekoen erorikoak prebenitzeko bigarren tailerra egingo da, 11:00etan. Martxoko saioaren arrakasta ikusita, bigarren ikastaro bat programatu dute.
Asteazkenean, hilak 22, adinekoen erorikoak prebenitzeko bigarren tailerra egingo da Pasai Donibaneko Aitona-amonen Aterpean. Saioa 11:00etan hasiko da, ordenagailuen gelan.
Aitona-amonen Aterpeak Pasaiako Udalaren Gizarte Ekintzaren lankidetzarekin antolatu du ikastaroa. Horrez gain, honakoen partaidetza ere izan du: Osakidetza, Donibaneko Erizaintza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Pasaiako Udalaren jarduera fisikorako orientatzailea eta Betion telelaguntza zerbitzua.
Adinekoen erorikoak prebenitzeko lehen tailerra martxoaren 2an egin zen, eta izandako “arrakasta” ikusita, bigarren saio bat ondu dute. Ikastaroak 25 laguneko edukiera mugatua zuenez, adineko asko tailerra egiteko aukerarik gabe geratu zirela adierazi dute antolatzaileek.
Arrazoi horiek direla eta, bigarren saio bat programatu dute, eta “oso pozik” daude egin ahal izateaz, “beste 25 pertsonak aukera izango dutelako profesional horiek emandako irakaspenak jasotzeko”.
Aitona-amonen Aterpeko kideen helburua da “adinekoen ongizatea lortzea”, eta honakoa bezalako jarduerekin ziur dira “segurtasun handiagoa” lortuko dutela egunerokotasunean.
